Izarraitz pilotalekuan izango dira Patxi Azkargortaren oroimenezko txapelketako finalak

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 11:52
Iazko finaletako irudia.

Bihar izango dira finalak, 10:00etan hasita. Hainbat mailatan jokatuko dituzte finalak, banaka nahiz binaka. Joan zen urriaren 29an hasi zen txapelketa, eta dozenaka umek parte hartu dute lehian.

Bihar, Santo Tomas eguna, bukatuko da joan zen urriaren 29an hasi zen Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketa. Adin desberdinetako hainbat pilotari aritu da orduz geroztik lehian, eta atzo jokatutako azken finalerdien ostean, dagoeneko erabakita dago zein pilotarik jokatuko dituzten biharko finalak. Aurten izango da aldaketa bat; izan ere, finalak Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte. 10:00etan hasiko dira partidak.

Honako hauek dira finalak jokatuko dituzten pilotariak:

  • Aurre-benjaminak: Unax Larramendi Jon Egibarren kontra.
  • Benjaminak: Julen Urrestilla Iker Ibargurenen aurka (banaka); eta Eneko Bidezabal eta Endika Korta Ioritz Arsuaga eta Xuban Azpeitiaren aurka (binaka).
  • Kimuak: Eneko Ulazia Ugaitz Arangurenen aurka (banaka); Xabat Azpiazu eta Jokin Artetxe Joseba Egiaren eta Manex Azpiazuren aurka (binaka).
  • Infantilak: Beñat Labaka eta Iker Urrestilla Enaitz Alberdiren eta Beñat Ezamaren kontra (binaka).
  • Kadeteak: Iker Egiguren eta Auritz Arrizabalaga (lau eta erdian).

Uztarria.eus-ek Ilunpeko kide eta pilotari Gorka Iriarterekin hitz egin zuen txapelketaz joan zen azaroan. Honako lotura honetan ikus daiteke bideoa.