Zabalik da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 09:30
Joan den edizioko irudi bat.

XXVI. Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia martxoaren 30ean jokatuko dute, eta dagoeneko eman daiteke izena lasterketa luzean nahiz laburrean. Martxoaren 28ra bitartean izango da horretarako aukera, www.rockthesport.com atarian.

Martxoaren 30ean jokatuko da 2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko zabalik dago izen-emate epea. Martxoaren 28ra bitartean izango da izena emateko aukera, webgune honetan: www.rockthesport.com. Maratoi erdian parte hartu nahi dutenek hemen eman behar dute izena, eta lasterketa motzean atera nahi dutenek, berriz, hemen.

Korrikalariaren ezaugarrien eta izena ematen den epearen arabera, aldatu egiten dira prezioak. Honako hauek dira ibilbide luzeko prezioak: abenduan, federatuek 18 euro eta federatu gabeek 21 euro ordaindu beharko dute; urtarrilean, federatuek 20 euro eta federatu gabeek 23 euro; otsailean, federatuek 22 euro eta federatu gabeek 25 euro; eta martxoaren 21a arte, federatuek 24 euro eta federatu gabeek 27 euro. Martxoaren 22tik 28ra, berriz, federatuek 29 euro eta federatu gabeek 32 euro ordaindu beharko dute. 2017ko eta 2018ko edizioetan parte hartu zuten korrikalariek hiru euroko deskontua izango dute, abenduan edo urtarrilean izena ematen badute.

Maratoi erdiarekin batera, ohi bezala, zortzi kilometroko proba ere jokatuko dute, eta kasu horretan ere, ezberdinak dira prezioak. Abenduan, urtarrilean eta otsailean 13 euro ordaindu beharko da izena emateko, eta hortik aurrera, martxoaren 21a arte, 15 euro. Martxoaren 22tik 28ra bitartean, berriz, 20 euroko prezioa izango du izen-emateak. Lasterketa luzean bezala, motzean ere deskontua izango dute 2017ko eta 2018ko edizioetako partaideek; hain justu, bi euro gutxiago ordaindu beharko dute izena emateagatik.

Bi lasterketetako korrikalariek istripu eta erantzukizun zibileko asegurua izango dute. Horrez gain, kamiseta, motxila, domina eta Diego Garciaren zinta jasoko dituzte.