Naroa Aranbarri nagusi, bizikleta jaitsierako Euskadiko Open Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko abe. 19a, 15:32
Naroa Aranbarri (eskuinean), Galdakaon jokatutako probaren podiumean. (Naroa Aranbarri)

Aranbarri aurten hasi da bizikleta jaitsierako sariketetan lehiatzen, eta emaitza ezin hobeak lortuta amaituko du urtea. Open Txapelketan aurreneko postua eskuratu ez ezik, Euskal Herriko selekzioaren deia jaso du. Azpeitiko gaztea lanean jarraitzeko irrikaz dago. 

Bizikleta Jaitsierako Euskadiko Open DH Txapelketan nagusi izan da Naroa Aranbarri azpeitiarra. Aranbarrik joan den igandean jokatu zuen denboraldiko azken proba, Galdakaoko (Bizkaia) Maxxis pistan, eta aurreneko postua eskuratu zuen nesken mailan. Euskadiko Open Txapelketaren podiuma osatzeko sariketaren barruan jokatutako jaitsiera guztietako puntuaketak hartzen dira kontuan. Aurten, Igantzin (Nafarroa), Antzuolan, Ortuellan (Bizkaia) eta Galdakaon jokatu dituzte txapelketaren barruko probak. Jaitsiera horietan guztietan eskuratutako puntuaketak zenbatuta, Aranbarri izan da emaitza onena eskuratu duena.

Azpeitiarra aurten hasi da bizikleta jaitsierako sariketetan lehiatzen, eta emaitza ezin hobeak lortuta amaituko du urtea. Hark adierazi duenez, lehiaketetan ibili den aurreneko urtea izateko, "gustura" gelditu da lortutako emaitzekin. "Hasieran, enduro modalitateko bizikleta batekin (Orbea Rallon) hasi nintzen lehiatzen. Denboraldiaren erdi aldera jaitsieretako bizikleta bat hartu nuen (Mondraker Summum Pro), eta horrekin askoz ere hobeto moldatzen naiz. Orain, beste segurtasun batekin jaisten ditut maldak", kontatu du. 

Aurten, Euskadiko DH Open Txapelketan aurreneko postua eskuratu ez ezik, Euskal Herriko selekzioaren deia jaso du Aranbarrik. Espainiako Txapelketan Euskal Herriko ordezkari izateko deitu zuten, eta animatu egin zen. Hain zuzen, Cordoban (Cadiz, Andaluzia)  jokatutako bizikleta jaitsieran parte hartu zuen Aranbarrik. Esperientzia hura denboraldi honetan bizitako esperientzia "onena" izan dela kontatu du. Horri esker lagun berri asko egin dituela esan du Aranbarrik, baita leku zein pista asko ezagutu ere. 

Azpeitiko gazteak hurrengo urtean marka onak egiten jarraitu nahi du, eta horretarako lanean jarraitzeko gogoz dago. 

 

Aranbarri, Galdakaoko jaitsieran. (Naroa Aranbarri)

Hona hemen Uztarriak Naroa Aranbarriri egindako elkarrizketa