San Martin egoitzako eta eguneko zentroko langileak grebara deitu ditu ELAk

Uztarria.eus 2018ko abe. 19a, 10:34
ELAko kideak joan zen azaroaren 26an Azpeitian egin zuten protestan.

Sindikatuak abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31rako deitu du greba, Elkar-ekin zaintza duintzeko lelopean. Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek protestekin jarraituko dute, hitzarmen "duin" baten alde.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek "hitzarmen duin" baten aldeko protestekin jarraituko dute, ELA sindikatuak greba deialdia egin baitu datozen egunetarako. Elkar-ekin zaintza duintzeko lelopean, abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31rako deitu du greba sindikatuak, eta protestara deituta daude Azpeitiko San Martin egoitzako eta eguneko zentrokoko langileak.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek mobilizazioak eta lanuzteak egin zituzten azaroaren amaieran, lan hitzarmen "duin" baten alde. Duela bi urte patronalari proposamen bat helarazi zioten LAB eta ELA sindikatuek, baina joan zen azaroan jakinarazi zuten sindikatuek patronalak ez duela pausorik eman. Negoziazioak "bere horretan" jarraitzen zuela salatu zuela eta, greba deitu zuten azaroaren 26rako. Eskualdeko patronalaren estrategia "denbora pasatzen uztea" izan dela salatu du ELAk, eta azkeneko mahai sektorialean egindako proposamenak "hutsaren hurrengoak" izan diraela gaineratu du ELAk. Urola Kostako egoitzetako eta zentroetako langileek mobilizazioz betetako astea izan zuten sindikatuen deialdiari erantzunez –Azpeitian elkarretaratzea egin zuten–.

Negoziazio-mahaiak biltzen jarraitu duen arren, ez dute akordiorik erdietsi, eta, ondorioz, ELA sindikatuak greba deitu du abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31rako, Elkar-ekin zaintza duintzeko lelopean. "Ez dugu beste aukerarik borrokan jarraitzea baino", adierazi du ELAk. Sindikatuaren ustez, gatazkan patronalak hartu duen jarrera "onartezina" da, baita diputazioak negoziazioan agertu duen "jarrera pasiboa" ere. "Zerbitzu minimoak areagotzea bultzatzerakoan kontrako jarrera agertu dute. Gutxieneko zerbitzuen beharra dagoela saltzeko txosten interesatua eta aldebakarrekoa sortu dute. Horrek greba eskubidea urratzeaz batera, gatazka luzatzea dakar".

Eusko Jaurlaritzak urriaren 19an gutxiengo zerbitzuak betetzeko dekretatutako aginduaren aurkako helegitea aurkeztu du ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Bi argudio nagusi azaldu ditu sindikatuak horretarako: alde batetik, zerbitzua betetzeko langile kopurua handitzea ez dagoela arrazoitua eta desproportzionatua dela; eta bestetik, erabakia Foru Aldundiaren inspekzio txosten batean oinarritzen dela. "Jasotako informazioaren kontrasterik ere ez da egin", gehitu du ELAk.

Grebaren jarraipena "goraka"

Negozioazio-mahaian parte hartzen duten lau patronalek oraindik ez diote duela bi urte sindikatuek egindako proposamenari erantzun. "2017 eta 2018 urteetarako soldaten izoztea proposatu dute, besterik ez", azaldu du ELAk. Beraz, Gabon jaietan ere langileek beren aldarrikapenekin "irmo" jarraituko dutela jakinarazi du sindikatuak, eta ekintza ugariz betetako agenda iragarri du. Sindikatuaren arabera, greba deialdi batetik bestera jarraipena "goraka" doa, eta datorren astean ere greba egiteko eta antolatutako ekintzetan parte-hartze aktiboa izateko deia luzatu die sektoreko langileei.

Lan hitzarmena 2012. urtetik berritu gabe dago. ELAk azaldu duenez, "argi" ditu negoziaketetan eskatuko dituen gutxieneko baldintzak: hitzarmenak berritzea ahalbidetuko duen akordio bat nahi dute; enpresa-hitzarmenetan langileek dituzten baldintzak errespetatuko dituena; soldatan hobekuntzak eragingo dituena; eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartuko dituena, atsedenaldiei, jai-egunei, ratioei, antzinatazunari eta bestelako gaiei dagokienez.