Kimu mutilen Azpeitia Cup txapelketaren sailkapen fasea jokatuko dute datozen egunetan

Uztarria.eus 2018ko abe. 18a, 15:43
Iazko sailkapen faseko irudi bat.

Larunbatean, igandean eta abenduaren 29an jokatuko dituzte ekaineko txapelketara sailkatzeko neurketak. 39 talde ariko dira lehian, tartean Lagun Onak, Anaitasuna, Zumaiako, Antiguoko, Real Union eta Zarautz. Lau talde sailkatuko dira 2019ko Azpeitia Cup txapelketara.

Kimu mutilen Azpeitia Cup txapelketaren 2019ko ediziorako sailkapen fasea jokatuko dute hainbat taldek zapatuan, igandean eta abenduaren 29an, Garmendipe kirol guneko futbol zelaietan. Guztira, 39 talde ariko dira lehian zapatuan eta igandean; horien artean dira, Lagun Onak, Zumaiako, Anaitasuna, Real Union, Antiguoko, Aurrera Ondarroa, Zarautz, Mutriku, Basander eta Logroño. Zortzi multzotan banatuta jokatuko dituzte partidak larunbatean eta igandean, eta multzo bakoitzetik bina talde igaroko dira abenduaren 29ko bigarren fasera. Honako lotura honetan ikus daitezke datozen egunetako partiden egutegia eta multzoak.

Lau taldek lortuko dute ekainean jokatuko den Azpeitia Cup txapelketan aritzeko txartela, eta horiek talde handiekin lehiatzeko parada izango dute. Besteak beste, aurreko edizioetan Garmendipeko futbol zelaietan izan dira, besteak beste, Bartzelonaren, Atletico Madrilen, Valentziaren, Real Madrilen, Vila-realean, Eibarren, Realaren, Athleticeken eta Alavesen harrobietako taldeak. Gainera, iazko edizioaz geroztik, nazioarteko txapelketa da Azpeitia Cup. Horren erakusle da joan zen ekainean Alemaniako Tus Makkabi Frankfurt eta Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak lehian parte hartu izana.