Heriotza barneratu, bizitzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 18a, 12:30
IƱaki Arregi 'Izan' eta Manex Beristain, Sindikatu Zaharrean. (Ihintza Elustondo)

Heriotzari buruz lasai hitz egiteko, Death cafe tertulia egingo dute bihar, Sindikatu Zaharrean (19:00). Gaia lantzeko "behar handia" dagoela uste dute sustatzaileek.

Lehenago edo beranduago, denok hilko gara. Ez da inor bizirik geldituko mundu honetan. Izan bizitzaren kolpeek edo adinak eraginda, denoi egokituko zaigu ingurukoen heriotzak gertutik bizitzea. Jakineko kontua da hori, baina batzuetan ez da hain erraza egiten errealitatea onartzea. Gai horri ihes egiteagatik, ordea, ez du esan nahi gutxiago sufrituko dugunik. Alderantziz: "gehiago", Iñaki Arregi Izanen (Elgoibar, 1973) arabera. Hain zuzen ere, heriotzaren gaia mahai gainean jartzea falta dela uste du, eta egoera horren aurrean, gaia naturaltasunez lantzeko, Death cafe heriotzari buruzko tertulia antolatu dute hark eta Manex Beristainek (Azpeitia, 1977).

Bizitzaren gorabeherak tarteko, Beristaini eta Arregiri, biei tokatu zaie kolpeak hartu beharra. Gertukoen heriotzak markatu du haien bizitza, eta halabeharrak eraman ditu gaiaz hausnartzera. "Kointzidentzia" batek batu zituen bien bideak, eta antzeko kezkek eraman dituzte tertulia sustatzera. Biak izango dira biharko saioan, eta Jon Alberdi Elvisavueloko gitarristak pare bat abesti eskainiko ditu zuzenean, heriotza gaitzat hartuta. Sustatzaileen arabera, "giro goxoa" egongo da bertan, eta joaten direnek esperientziak, zalantzak nahiz beldurrak partekatzeko aukera izango dute, baita isilik egoteko ere, hala nahi badute.

Halako espazioak sortzea beharrezkoa iruditzen zaie biei, heriotzaz lasai hitz egiteko. Izan ere, egungo gizartean hutsune handi bat dago, haien arabera: ez da heriotzaz hitz egiten. "Heriotzari bizkarra emanda bizi gara". Beristainek azaldu duenez, heriotzari muzin egiteko bi modu daude: "Batzuek pentsatzen dute: 'Ez naiz behin ere hilko'. Eta beste batzuek nahiago dute heriotzaz ez pentsatzea, larritasunik ez sentitzeko". Haren esanetan, jende hori estrategia gabe gelditu ohi da heriotza baten aurrean. "Eta orduan bai sentitzen dugula larritasuna". Arregik dioenez, "frogatuta" dago arazo psikiatrikoak ugaritzen direla heriotza naturaltasunez lantzen ez delako.

Haren arabera, sinesmen faltsuak daude zabalduta heriotzaren bueltan: "Esaterako, heriotzaz hitz egitean, badirudi hura gure bila etorriko dela". Eta hori ez dela horrela uste du Arregik: "Zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta gehiago konektatuko zara bizitzarekin".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.