Azken txanpara iritsi dira Elosiagako Santa Luzia festak

Uztarria.eus 2018ko abe. 16a, 14:41

Azken txanpara iritsi dira Elosiagako Santa Luzia festak. Joan zen ostegunean, Santa Luzia egunarekin, hasi zituzten auzoko jaiak, eta gaur igandea bukatuko dira Añota sagardotegian egingo duten bazkariarekin. Gainera, bazkalostean bertsoez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek; izan ere, han izango dira Julio Soto eta Sebastian Lizaso bertsolariak.

Goizean ere izan da zer egin Elosiagan; hain zuzen ere, emakumeen pilota partidekin hasi dute eguna. Lehen neurketa Aneitz eta Oihana Orbegozok jokatu dute Maddi Unanueren eta Alaitz Badiolaren kontra, eta azken horiek gailendu dira 22 eta 13. Bigarren partida, buruz burukoa, Eneritz Arrietak eta Araitz Eizagirrek jokatu dute, eta Arrieta nagusitu da 22 eta 9. Pilota partiden ostean, herri kirol erakustaldia egin dute Añota sagardotegiaren atarian. Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga aritu dira aizkoran, eta Xabier Aranburu Guzta harri-jasotzen. Hasiera batean Eneko Otaño zen erakustaldian parte hartzekoa, baina hark Urrezko Aizkolari Kopako finalerdia jokatu du gaur, eta ezin izan du bertaratu. Haren ordez aritu da Txikia IV.a.

Atzo ere festa girorik ez zen falta izan Elosiagan. Ehundik gora lagun elkartu ziren Añota sagardotegian egin zuten kantu zaharren bazkarian, eta kanturako nahiz dantzarako tartea izan zuten bertaratutakoek.

Hona hemen, atzoko eta gaurko irudi batzuk: