Jon Alberdiren, Maider Etxezabalen eta Egoitz Arrutiren lana nabarmendu dute 2018ko Kirol Sariek

Uztarria.eus 2018ko abe. 15a, 15:02
Egoitz Arruti (boluntario onena), Maider Etxezabal (kirolari onena emakumezkoetan) eta Jon Alberdi (kirolari onena gizonezkoetan). (Maialen Etxaniz)

Alberdik eta Etxezabalek kirolari onenen saria jaso dute. Arrutik, aldiz, boluntario onenaren saria eraman du. Gaur egin dute Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak antolatutako Kirol Sarien ekitaldia. Sari nagusiez gain, beste hainbat sari banatu dituzte kirolez kirol. 

Jon Alberdik eta Maider Etxezabalek jaso dute 2018ko Azpeitiko kirolaririk onenen saria. Boluntario onenaren saria, berriz, Egoitz Arrutik eraman du. Gaur eguerdian egin dute Kirol Sarien ekitaldia udaletxeko bosgarren solairuan, eta aretoa jendez beteta zela jakinarazi dituzte aurtengo Kirol Sarietan nabarmendu diren herritarren izenak. Iaz bezala, herritarren bozekin eta Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak izendatutako epaimahaiak emandako botoekin erabaki dituzte aurtengo saridunak. Azaroaren 12tik 18ra arte izan zuten kirol elkarteek eta herritarrek kirolarien izenak proposatzeko aukera.

Ilunpe pilota elkartearen harrobiko harribitxia da Jon Alberdi, eta gizonezkoen mailako kirolari onenaren sariarekin profesional mailara igotzea lortzeko egindako lana aitortu nahi izan diote. Maider Etxezabalek Txinan egindako lan txukunagatik jaso du emakumezkoen mailako kirolari onenaren saria. Etxezabalek zilarrezko domina eskuratu zuen Txinako Munduko sokatira txapelketan. Egoitz Arruti Xeyeko kide da, eta urteak daramatza denetariko lasterketetan bere alea jartzen eta ikusten ez den lana egiten. Orain arte egindako lan horregatik jaso du boluntario onenaren saria Arrutik. 

 Orotara, 31 lagun zeuden hautagaien zerrendan, eta horiek guztiek jaso dute oroigarri bat gaurko ekitaldian. (Argazki bilduma, hemen). Honako hauek izan dira kirolez kirol aipamena jaso dutenak:

Emakumezkoetan:

  • Nerea Rezabal (atletismoa).
  • Arantzazu Araneta (automobilismoa).
  • Lagun Onaken Erregional taldea (futbola).
  • Izarraitz Igeri Elkartearen junior taldea (igeriketa).
  • Pepi Alberdi (mendia).
  • Maite Etxezarreta (mendi lasterketak).
  • Maider Etxezabal (sokatira).
  • Mamen Etxaniz (korrika, mendia eta txirrindularitza).
  • Nerea Berasategi (triatloia).
  • Oihana Orbegozo (pilota).

Gizonezkoetan:

  • Ioritz Aramendia (atletismoa).
  • Jon Alberdi (pilota).
  • Jose Andres Perez (xakea).
  • Bolo taldea.
  • Joxemiel Zendoia (automobilismoa).
  • Mikel Landa (futbola).
  • Izarraitz Igeri Elkartearen junior taldea (igeriketa).
  • Joxe Kerejeta (mendia).
  • Aratz Iraola (txirrindularitza).
  • Alex Marguello (karatea).
  • Joseba Lizarralde (saskibaloia).

Kirol boluntarioa:

  • Egoitz Arruti (Xeye atletismo taldea).
  • Aitor Salegi (Lagun Artea eskuderia).
  • Joxe Mari Etxeberria (Izarraitz Igeri Elkartea).
  • Iñaki Uranga (Lagun Onak Futbol Elkartea).
  • Jexux Rezabal (Lagun Onak Mendi Bazkuna).
  • Erik Leon (Kimura Judo Elkartea).
  • Ikasberri Kirol Elkarteko zuzendaritza talde ohia.
  • Aitor Elustondo (Xaputarrak Xake Kirol Kluba).
  • Jose Manuel Gurrutxaga (Iraurgi Saskibaloi Taldea).
  • Agustin eta Xanti Jimenez (Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia).