Lau testigantza, euskal presoen senideen egoera herrira hurbiltzeko

Uztarria.eus 2018ko abe. 17a, 18:26
Garazi Urdalleta, Leire Arrieta, Intza LarraƱaga eta Irati Urdalleta. (Maialen Etxaniz)

Intza Larrañagak nahiz Garazi eta Irati Urdalletak senide bat izan zuten preso orain dela gutxira arte. Leire Arrietak, aldiz, senide bat du deportatuta Venezuelan. Euskal presoek jasaten duten salbuespen politika "ankerraren" ondorioak lehen pertsonan bizi izan dituzte, eta beren bizipenak elkarbanatu dituzte ehundik gora ikaslerekin. Dispertsioaren gaia herriko gazteen artean "gero eta gutxiago" ezagutzen dela uste dute. Horregatik, gazteak sentsibilizatzea helburu, beren esperientziak partekatu dituzte.

Azpeitiko Ernaik eta Sarek antolatuta, presoen senideen inguruko mahai-ingurua eskaini zuten Intza Larrañagak (Azpeitia, 2000), Leire Arrietak (Azpeitia, 1997), Garazi Urdalletak (Errezil, 2000) eta Irati Urdalletak (Errezil, 1997) joan zen ostiralean, Ernairen Askatasun Bulkaden Topaketen barruan. Jendaurrean beren bizipenak kontatzera animatu dira Azpeitiko eta Errezilgo gazteak, herriko ikasleek eta gazteek jakin dezaten presoen senideek nola bizi duten dispertsioa. Gaia ahotan ibiltzeak sentipen nahasiak sortu dizkie lau gazteei. Dena den, mahai-inguruaren aitzakin elkarbanatu dituzten esperientziak ezagutzea "ederra" izan dela diote. Solasaldian hiru arlo landu zituzten nagusiki: dispertsioaren arlo ekonomikoa, arlo pertsonala eta familiarena. Lau gazteen aburuz, hiru ildo horiek dira presoen senideen egoera marrazteko elementu nagusiak. 

Arlo ekonomikoaz hitz egitean, bi motatako kostuei egin diete erreferentzia. Alde batetik, senideak ikustera joateko bidaiei dagokien kostuaz mintzatu dira; hau da, autoz zein hegazkinez egindako bidaiez eta horiek eragindako gastuez. Bestetik, presoei eraman ohi dieten materiala izan dute hizpide. Lau gazteek azaldu dutenez, senideek espetxera eramandako materiala "ezinbestekoa" da presoentzat, hala nola arropa, oinetakoak edo telefonoz deitu ahal izateko dirua. Motxilan sartzen dituzten gauzen zerrendari beste bat gehitu dio Arrietak: "Gaur egun Venezuelan dagoen egoeraren ondorioz, ohiko materialaz gain, botikak eraman izan dizkiegu han ditugun senideei".

Dispertsioaren ondorio ekonomikoez hitz egitea sentipenez hitz egitea baino "ohikoagoa" dela diote Larrañagak, Arrietak nahiz Urdalleta ahizpek. Horiek adierazi dutenez, sakabanaketak eragindako gastuak "objektiboak" dira. Lehen pertsonan bizitako esperientziak jendaurrean kontatzea, aldiz, ez da "gauza samurra" izan lau gazteentzat. Haien aburuz, dispertsioaren alde pertsonala eta familiarena eskutik doaz. Irati Urdalletak kontatu duenez, senide bat preso izateak badu eraginik familian. Hark dio sakabanaketak "familiak batzen eta indartzen" dituela. Horren harira, senideekin izandako bisiten garrantziaz hitz egin dute. "Bisitetan, denbora tarte txikian, izugarrizko konfiantza lortzen da espetxean dagoen senidearekin. Egunerokotasunean ikusten duzun pertsona batek baino gehiago ematen dizu preso dagoen senidearekin egoteak", adierazi du Urdalletak. Iritzi berekoa da Larrañaga: "Senidearekin egoteko momentu gutxi horiek ahal bezainbeste zukutzen dira, eta oso harreman estua sortzen da".

Lau gazteek beren senideak bisitatzeko egindako bidaien oroitzapenak elkarbanatu dituzte. Larrañagak nahiz Garazi eta Irati Urdalletak espetxera egiten zuten bisita. Parisera joaten ziren hasieran, autobusez. Gogoan dute ostiralean irteten zirela Parisera, eta gaua autobusean igaro ostean, 40 minutu inguruko bisita izaten zutela oparitzat. Gainerako senideek beren bisitak amaitu arte zain egon ostean hartzen zuten itzulerako autobusa, eta igande goizean iristen ziren Azpeitira. Urteak aurrera, trenez eta autoz ere egin zituzten espetxera bidaiak. Bisita horietarako bidean zein espetxean bertan beste preso batzuen senideekin egoteko aukera izaten zuten hiru gazteek. Haientzat "ohikoa" zen tartean behin asteburua etxetik kanpo igarotzea. "Gure haurtzaroaren parte izan dira espetxeetara egindako bisitak, eta horrenbestez, normaltzat hartzen genituen", kontatu du Larrañagak. Arrietaren esperientzia ezberdina izan da. Hark hegazkinez egin ditu senideak ikustera joateko bidaiak Venezuelara. Hango berri izateaz gain, deportatuta dauden hainbat euskal herritarrekin egoteko aukera izan du. 

Dispertsioa ez da amaitu

Hasiera bat eta bukaera bat duten istorioak dira Larrañagarena eta Urdalleta ahizpena; ez, ordea, Arrietarena. "Bizipenak kontatzen ari gara, baina ezin dugu ahaztu zenbait pertsonek dispertsioaren ondorioak jasaten dituztela oraindik", adierazi du Larrañagak. Hori da, hain zuzen ere, Arrietaren kasua. Haren senideak Venezuelan daude, eta izebaren auzia itxita dagoen arren, haren osabak deportatuta jarraitzen du oraindik. Azpeitiko gaztearentzat sabanaketa ez da oroitzapen hutsa. Horren harira, elkarbizitzaren eta konponbidearen "garrantzia" azpimarratu du Arrietak: "Denok nahi dugu konponbidea eta elkarbizitza lortzea. Horregatik, indarra jarri behar da gatazkaren konponbidea lortzeko lanean ari diren taldeetan. Horren adibide da giza eskubideen alde borrokan ari den Azpeitiko Sare". Horregatik, Arrietak herriko gazteak animatu nahi ditu Sarek antolatutako mobilizazioetan, ekintzetan nahiz lantaldean bertan parte hartzera. "Gazteek beren alea jartzea nahi dugu, konponbidera bidean denok baitugu zer egin". Halaber, herritarrei dei egin die euskal presoen eskubideen alde abenduaren 31n egin ohi den manifestaziora joateko –18:30ean irtengo da igerileku aurretik–. Horrez gain, urtarrilaren 12an Bilbon izango den mobilizaziora joatera deitu ditu herritarrak.

Euskal presoen senideei lagundu dieten norbanakoei zein taldeei eskerrak eman dizkiete Larrañagak, Arrietak eta Urdalleta ahizpek, dispertsioari aurre egiteko "ezinbestekoa" baita herritarren babesa.