Presoen eta deportatuen senide gazteen bizipenak gertutik ezagutzen

Uztarria.eus 2018ko abe. 14a, 17:24

Ez ohiko hitzordu bat hartu du gaur Sanagustin kulturguneak. Azpeitiko Ernaik antolatutako Askatasun Bulkaden Topaketen barruan, hitzaldia eskaini dute euskal presoen sakabanaketa gertutik ezagutu duten Leire Arrieta eta Intza Larrañaga azpeitiarrek eta Irati eta Garazi Urdalleta errezildarrek. Larrañagak eta Urdalleta haizpek senide bat izan zuten preso. Arrietak, aldiz, senide bat du deportatuta. Lau gazteek beren bizipenak kontatu dituzte gaurko mahai inguruan. Beren esperientzia pertsonalaz mintzatu ez ezik, sakabanaketak familian izandako eraginaz hitz egin dute laurek. Era berean, dispertsioak eragiten dituen gastu ekonomikoak –dispertsioaren alde ekonomikoa– izan dituzte hizpide. Emozioz jantzi da gaurko solasaldia, eta Sanagustinera bertaratu diren ikasleek adi-adi entzun dituzte hizlari gazteen testigantzak. Ernaik Azpeitiko Sarerekin elkarlanean prestatu du gaurko mahai ingurua, presoen gaia gazteengana iristea xede. Hori dela eta, eskolak eten dituzte ikastetxeetan, eta 150 ikasle inguru animatu da presoen senideen esperientziak entzutera.

Hizlari lanetan aritu diren lau gazteen testigantzak gertutik jaso ditu Uztarriak, eta laster erreportajea argitaratuko du webgunean. 

Honako bideo honekin ireki dute gaurko solasaldia Azpeitiko Ernaik eta Sarek: