Euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lana aitortu dio Udalak Abelur nekazaritza kooperatibari

Uztarria.eus 2018ko abe. 14a, 17:49

Abelur nekazaritza kooperatibak Urrezko Bikain ziurtagiria jasoko du datozen egunetan. Horren harira, euskararen erabilera indartzeko egindako lana aitortu dio Udalak Abelurri. Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofizial bat da, esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen eta aitortzen duena. 

Hemezortzi langile ditu Abelurrek, eta haien hitzetan, beraien eguneroko hizkuntz ohituretan eragiteko "ezinbesteko tesna" izan da Azpeitiko Udalaren Elegune programa. Udalak Euskara Patronatuaren bidez kudeatzen du Elegune programa. Horren arduradunak enpresetan euskara planak garatzeaz arduratzen dira, baita euskara sustatzeko baliabideak enpresen eskura jarri ere. Udalak esan duenez, Eleguneren helburua da enpresetan "hizkuntza-gestiorik egokiena" lortzen laguntzea. Gaur egun, Azpeitiko hamar enpresa ari dira euskararen erabilera sustatzen Elegune programan parte hartuz. Programa irekia eta doakoa da, eta interesa duten enpresek Euskara Patronatuarekin harremanetan jartzea besterik ez dute informazioa eskatzeko. 

Iaz, Azpeitiko Kimu Bat Gardenek eskuratu zuen Urrezko Bikain ziurtagiria. Duela hamar urte pasatxo abiatutako bidearen fruitua izan zen iaz Kimu Batek jasotako saria. Izan ere, Kimu Batek 2007an jarri zuen martxan enpresa barruko euskara plana, Elegunerekin lankidetzan.