Xake zaleak sortu nahian

Gipuzkoako Hitza 2018ko abe. 14a, 11:22
Joan den ostiralean aurkeztu zuten herritarren aurrean Kbi, Zumaiako xake klub berria. Xakeari lotutako ekintzak egin zituzten egun guztian. (Kbi xake kluba)

Kbi taldea sortu dute Zumaian, gaztetxoen artean xakerako joera sustatzeko. Azpeitiko Xaputarrak aspalditik ari da horretan, baina ez dute lortu emakumeengana iristerik. Gipuzkoako Hitzak bi talde horiekin hitz eginda osatutako erreportajea da honakoa.

Futbolak eta saskibaloiak adina jarraitzaile ez ditu, baina mundu guztian ditu zaleak. Kirola denik ere zalantzan jartzen dute batzuek, ez baita lehia fisikoa. Jokalariek ez dute izaten entrenamendu saio gogorretan landutako gorputz gihartsurik eta ondo pentsatutako orrazkera xelebrerik; bai, ordea, ondo trebatutako burua, parekoaren intentzioei aurrea hartzeko eta norberaren estrategiak garatzeko. "Kirol intelektuala" baita xakea, "onura asko dituen jarduera, edonor ibiltzeko modukoa, eta, itxura batera, dirudien baino dibertigarriagoa", zaleen esanetan.

Gipuzkoan, gero eta zale gehiago ditu xakeak, eta herri gehienetan daude xake taldeak; haietako asko, federatuta. Zumaiakoa da berriena, Kbi xake kluba; gaur astebete aurkeztu zuten herritarren aurrean. Harrerarekin "oso pozik" dago Kepa Aizpurua elkartearen sortzaileetako bat. "Gure helburua da xakea ezagutaraztea, zaletasuna sustatzea, eta jokatu nahi duenari horretarako aukera ematea". Eta horretarako lehen urratsa egin zuten aurkezpenaren aitzakian antolatu zituzten ekintzekin, egun guztian dozenaka lagun aritu baitziren xake jokoan, Zumaiako Beheko plazan.

Aizpuruak aspalditik du xakerako zaletasuna. "Garai batean, Kbi tabernan biltzen ginen, eta xakerako afizio handia zegoen han". Hortik dator elkartearen izena: "Kbi tabernak eta xakeak betidanik izan dute harremana, eta egokia iruditu zitzaigun klubari izen hori jartzea". Baina gauzak aldatu egin dira denborarekin. "Zumaian sekula ez da izan zaletasun handi-handirik. [Garri] Kasparoven garaian-eta, telebistan oihartzun handiagoa zuen xakeak, eta goralditxoa eduki zuen orduan, baina, pixkanaka, utzi egin du garai hartan jokatzen zuen jendeak". Hala ere, berriz ere indar pixka bat hartzen ari dela uste du Aizpuruak. "Internetek lagundu du horretan, noiznahi jokatzeko aukera ematen baitu; eta azkenaldian xakean onurak nabarmenduz kaleratu dituzten ikerketek eta albisteek ere lagundu dute horretan". Besteak beste, kontzentrazio eta bisualizazio gaitasunak lantzeko bitarteko paregabea da xakea, haurrentzat, helduentzat zein adinekoentzat.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.