Iñigo Arregi: "Bidea luzea eta zaila izango da, baina pausoa eman da eta garrantzitsua da"

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 20:30
Gizonezkoen euskal futbol selekzioa. (Euskadiko Futbol Federazioa)

Euskadiko Futbol Federazioak UEFAko eta FIFAko kide izatea eskatuko die nazioarteko bi erakundeei. Atzo Durangon egindako batzarrean onartu zuten eskaera egitea, aldeko 43 botorekin eta abstentzio batekin. Batzar horretan botoa eman zutenen artean egon zen Lagun Onak Futbol Taldearen presidentea.

Futboleko euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko ahaleginean lehen urratsa egin du Euskadiko Futbol Federazioak. UEFAri eta FIFAri, hurrenez hurren Europako eta munduko selekzioen arteko txapelketak antolatzen dituzten nazioarteko futbol erakundeei, eskubide osoko kide moduan onartzea eskatuko die Euskadiko federazioak. Atzo onartu zuten eskaera egitea, federazioak Durangon (Bizkaia) egin zuen urteko batzar nagusian.

Erabakia bozketa bidez hartu zuen federazioak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 87 klubek zuten batzarrean botoa emateko eskubidea; jokalarien, epaileen eta entrenatzaileen 38 ordezkarik ere bai. Azkenean, 44 boto egon ziren, eta ia guztiak izan ziren ofizialtasunaren bideari ekitearen aldekoak: 43 boto zenbatu zituzten eskaeraren alde, eta abstentzio bat.

Lagun Onak Futbol Taldea zen batzarrean botoa emateko eskubidea zutenetako bat, eta Iñigo Arregi klubaren presidenteak gauzatu zuen eskubide hori. "Bidea luzea eta zaila izango da, baina pausoa eman da eta garrantzitsua da", dio Arregik atzo hartutako erabakiaz. Izan ere, Espainiako Futbol Federazioak berrestu behar du Euskadikoak hartutako erabakia, UEFAra eta FIFAra helarazteko. Espainiako federazioaren ezezkoa "seguru samarra" izango dela badaki Arregik, baina azaldu du atzoko batzarraren aurretik gaia lantzeko izan dituzten bileretan jaso dutena: "Espainiako federazioak ezetz esaten badu, beste bide batzuk ba omen daude; Gibraltarren adibidea azaldu ziguten". Beste bide horiek kirol auzitegietan jorratzea da, hain zuzen ere, atzo erabakia hartu zutenek aurreikusten dutena; auzitegi horien ebazpenekin lortu du Gibraltargo selekzioak lehiaketa ofizialetan aritzea.

Atzoko bozketaren emaitza ikusita, Euskadiko Federazioa osatzen duten kide askoren babesa argi geratu da. "Atzo hara joan ginenok garbi geneukan zer bide hartzea nahi genuen eta horrela adierazi genuen. Orain, federazioko arduradunei dagokie lanean jarraitzea", dio Arregik. Hala ere, Durangon "klub asko falta" zirela ere nabarmendu du Lagun Onakeko presidenteak: "Klub handietatik, Lehen Mailan eta Bigarren B Mailan ari direnetatik, Reala eta Athletic bakarrik zeuden".