'Ama Lur' dokumentalarekin itxi du aurtengorako prestatutako ekintza sorta Munoandi elkarteak

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 11:31

Munoandi elkarteak Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatuta, Ama Lur dokumentalaren emanaldia izan zen atzo, asteazkena, Soreasu antzokian. Emanaldia hasi aurretik, dokumentalaren inguruko zenbait azalpen eman zituen Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Kontserbazio zuzendariak. Ama Lur dokumentalak Francoren diktaduraren zentsura jasan zuela gogoratu zuen Lopezek, eta azpimarratu zuen orduko hartan ezarritako "hainbat traba eta iragazki" gainditu zituela dokumentalak. Kontserbazio zuzendariaren arabera, zinemaren "erreferente" bihurtu zen Ama Lur sasoi hartan, eta hainbat urtez horrela izaten jarraitu zuen. Halaber, ikus-entzunezkoa Azpeitian botatzeko aukera izatea "plazer bat" zela esan zuen Lopezek, eta eskerrak eman zizkion Munoandi elkarteari dokumental emanaldia antolatzeagatik. Munoandiko kide eta Azpeitiko Uri Buru Batzarreko lehendakari Jabier Altuna Kanpaxak ere hartu zuen hitza atzoko saioan, eta eskerrak eman zizkien Soreasura bertaratutakoei zein antolatutako hitzaldi zikloetara animatu diren herritar guztiei. 

Euskadiko Filmategiaren arabera, Euskal Herriari egindako "kantu" bat da Ama Lur dokumentala, bere lurren eta gizakien inguruko ikuspuntua azaltzen duelako. Ikus-entzunezko lana Nestor Basterretxea eskultoreak eta Fernando Larruquert zinema zuzendariak idatzi eta gidatu zuten. Euskal Herriko antzinako ohiturak, kondairak, errituak eta tradizioak modu "erromantikoan eta epikoan" jasota daude ikus-entzunezkoan.

Atzoko dokumentalarekin itxi du Munoandi elkarteak 2018rako antolatutako egitasmoen egitaraua. Urtea hasi zenetik, askotariko gaiei lotutako solasaldi antolatu ditu elkarteak, hala nola Pedro Luis Uriarterena, Mikel Reparazena, Jon Sarasuarena, Ane Irazabalena eta Jon Artanorena. Gainera, Xabier Arzallusi buruzko Euskadiko historia politikoa dokumentalaren emanaldia ere eskaini zuen elkarteak Sanagustin kulturgunean. Ekintzez jositako urtea agurtu du Munoandik, eta datorren urtean ere egitasmoak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu du.