Doinu euskaldunak Korsikara eraman dituzte Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoek

Uztarria.eus 2018ko abe. 12a, 18:11

Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeko musikariak Korsikan izan dira Euskal Herriko doinuak ezagutarazten. Taldeko biolinista da Iraia Bereziartua azpeitiarra, eta Korsikan izan da hura ere (argazkian, ezkerretik aurrena). Bertan ospatu ohi duten Festa di a Nazioni musika jaialdian parte hartu dute Bereziartuak zein gainerako taldekideek. Zapatuan, Portovechjon eta Konkan eskaini zituzten beren abestiak, kaleetan, jaialdian eta horren ostean egindako herri afarian. "Korsikako musika ezagutzeko aukera bikaina" izan dela azaldu dute Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeko musikariek. Korsikaren "naziotasuna" aldarrikatzen duen jaialdia da Festa di a Nazioni. Aurtengoa, jaialdiaren 20. edizioa izan da. Antolatzaileek Euskal Herriko musika talde batek bertan jotzea nahi zuten, eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin jarri ziren harremanetan. Euskal musika Korsikara eraman ostean, hango musika Euskal Herrian zabaltzea nahi dute orain. 

Joan den ekainean hogeita bi urte bete ziren Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen ernamuinak Urrestillan lehen aldiz jo zuela, 1996. urtean. Harrezkero, urte batean izan ezik, beti izan dira Urrestillako sanjuanetan. Juanlu Aranburu (soinua), Mikel Peñagarikano (kitarra) eta Iñigo Peñagarikano ( ahots nagusia) dira Urrestillara lehen aldiz iritsi ziren eta gaur egun jarraitzen duten hiru musikariak. Ibon Garmendiarekin (txistua eta danborra), Endika Altzelairekin (baxua), eta Amaia Aranaga azpeitiarrarekin eta Iraia Bereziartuarekin, zazpi lagun dira uneotan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldean. Bereziartua eta Aranagak biolina jotzen dute, eta emanaldiak txandakatzen joaten dira.

Hona hemen aurtengo San Juan festen bueltan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen inguruan egindako erreportajea

(Argazkia: Otamotz.eus)