Ibilbide aldaketarekin dator 2018ko San Silbestre lasterketa

Uztarria.eus 2018ko abe. 11a, 20:16
Ihintza Elustondo, Egoitz Arruti, Yania Tena eta Estitxu Elduaien. (Nerea Uranga)

Azoka egingo dute probaren egun berean, eta lehen itzulia Done Jakue kaletik igaro beharrean, Erdikaletik pasatuko da. Horrek sor ditzakeen arazoak tarteko, "pazientzia" eskatu dute antolatzaileek. Proba nagusiaren aurretik, lasterketa inklusiboa izango da.

Abendua iritsi da, eta dagoeneko hasi dira urte bukaerarako ekitaldiak prestatzen herrian. Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dute San Silbestre lasterketaren XVIII. edizioa, udaletxean. Aurtengoan, berezitasun bat izango du probak: astelehena egokitzen da abenduaren 31, eta azoka eguna izango da. Hori dela eta, ibilbidean aldaketa "txiki batzuk" egin dituzte antolatzaileek. Xeye atletismo taldeak sustatzen du lasterketa, Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin.

Ohi bezala, 6,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek. Azpeitiko plazatik abiatuko dira, 12:00etan, eta leku berean amaituko dute proba; bitarte horretan, bi itzuli emango dituzte herrigunean. Aurtengoan, baina, lehen itzulian Frontoi Txiki paretik eta parroki aurretik igaro beharrean, Erdikaletik pasatuko dira korrikalariak, azoka dela eta. Egoitz Arruti Xeyeko kideak azaldu duenez, horrek eraginak izan ditzake proban: "Bi itzulietan Erdikaletik igaroko dira korrikalariak, eta horrek arazo bat eragin dezake: lasterkari azkarrenek jende dezenteri itzuli bateko aldea aterako diete, eta pazientzia eskatzen diegu aurrean doazenei nahiz atzean doazenei, elkarbizitza sano batean helmugaraino denak ondo iristeko, elkar molestatu gabe".

Dagoeneko zabalik dago lasterketa herrikoian izena emateko epea. Gaur-gaurkoz, 150 lagunek eman dute izena proban, kirolprobak plataformaren bidez. Gune horretan abenduaren 29ra arte eman ahalko da izena, bederatzi euro ordainduta. Hortik aurreara, berriz, Azoka Plazan eman beharko da izena, hamabost euro ordainduta; abenduaren 30ean, 17:00etatik 20:00etara izango da horretarako aukera, eta lasterketaren egunean, 10:00etatik 11:30era. Azken bi egun horietan dortsalak eta elastikoak ere banatuko dituzte antolatzaileek. Aurten, guztira, 900 dortsal izango dituzte, eta 2005. urtea baino lehen jaiotakoek parte hartu ahal izango dute proban. Lasterketa amaitzean, maila bakoitzeko aurrenekoari sari bana emango diete, eta probako aurreneko hiru emakumeei eta hiru gizonei ere bai. Horrez gain, 250 eta 300 sari artean zozkatuko dituzte partaide guztien artean. Bestalde, dutxak nahiz arropa eta motxilak uzteko aukera izango da Izarraitz pilotalekuan.

Arrutiren arabera, azken urteetan "gora" egin du lasterketako parte hartzaile kopuruak, eta aurten ere gustatuko litzaieke bide beretik segitzea. "Guk nahi duguna da lasterketa honek kirola eta osasuna sustatzeko balio izatea, eta jendearentzat motibazio bat izatea kirola praktikatzen hasteko. Jendeak jai giroaren aitzakian egiten dituen sei kilometro horiek hain zailak ez direla ikustea nahi dugu, eta horrek aurrerantzean ere kirola egiteko ohitura hartzeko balio izatea".

Lasterketa inklusiboa

Ohiko lasterketaz gain, urtez urte indarra hartzen ari den beste proba bat ere egingo dute abenduaren 31n: Xeyek eta Txolartek elkarlanean antolatzen duten lasterketa irekia, hain zuzen ere. 500 metroko ibilbidea egin beharko dute animatzen direnek, 11:30ean plazatik abiatuta. Enparan kaletik Etxe Zuri tabernaren parera joango dira korrika, eta ondoren, Erdikaletik berriz plazara itzuliko dira. Proba horrek ez du sailkapenik izango, eta ez da izenik eman behar bertan parte hartzeko. Yania Tena Xeyeko kideak gogorarazi du edonork egiteko modukoa dela proba, eta herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera: "Lasterketa polita izango da, eta giro ederra egongo da".

Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziak nabarmendu du "hitzordu pozgarria" izaten dela San Silbestre lasterketa herrian, "kirola eta beste balio batzuk elkartzen dituelako". Ihintza Elustondo Urola Kostako Hitzako kazetariak ere herritarrak animatu ditu korrika egitera, "aukera ona delako kirola eta jai giroa sustatzeko".