'Quien te cantara' eta 'Luis eta estralurtarrak' filmak emango dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 10:24

Quien te cantara eta Luis eta estralurtarrak filmak ikusi ahal izango dira datozen egunetan Soreasu antzokian. Quien te cantara filmaren lehen emanaldia zapatuan izango da, 22:00etan hasita; bigarrena, igandean, 19:30etik aurrera; eta hirugarren saioa astelehenean –ikusleen eguna– izango da, 21:00etan. Luis eta estralurtarrak animazio filma, berriz, igandean ikusi ahal izango da, 16:30ean.

Quien te cantara Espainian aurten egindako drama generoko filma da. Carlos Vermut da lanaren zuzendaria, eta Lilaren istorioa kontatzen du, Najwa Nimri aktoreak interpretatuta. Lila erretiroa hartuta dagoen abeslari ezaguna da, eta agertokietarako itzulera prestatzen ari da. Istripu larri baten ondorioz, baina, memoria arazoak sortzen zaizkio. Violeta imitatzailea ezagutuko du orduan, eta hark bere esku dagoen guztia egingo du Lila agertokietara itzultzeko. Lana Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioko Sail Ofizialean lehiatu zen joan zen irailean.

Luis eta estralurtarrak haurrei zuzendutako filma Alemanian egina da. Wolfgang eta Christoph Lauenstein dira lanaren zuzendariak; hain zuzen ere, Niko eta ¡Upsss! ¿Dónde está No...? film arrakastatsuen egileak dira biak. Luis da filmaren protagonista. 12 urteko haur hori alien batzuen lagun egingo da, eta abentura ederra biziko du horiekin.

Emanaldietarako sarrerak Interneten eros daitezke aurrez, eta egunean bertan Soreasuko lehiatilan erosi ahal izango dira.