70 urte, eta hemendik aurrera zer?

Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaia 2018ko abe. 10a, 11:13
Nagore Alkorta.

Nagore Alkorta EH Bilduren datorren urteko udal hauteskundeetarako alkategaiak honako iritzi artikulu hau kaleratu du, gaur, abenduak 10, giza eskubideen aldarrikapenaren 70. urteurrena dela eta.

Astelehen honetan, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak giza eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zueneko 70. urteurrena ospatuko da. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Bertan, giza eskubideak askatasuna, justizia eta bakearen oinarri direla ezartzen da.

Giza Eskubideen Deklarazioa gerraosteko testuinguruan landu zen, eta bere onarpenak berebiziko garrantzia izan zuen. Izan ere, giza eskubideak gizakioi badagozkigu, gizaki izate hutsagatik. Beste kontu bat da, ordea, horiek publiko egitea eta dagokion lege testuetan jasotzea. Deklarazio horrek gizakiak gizaki izateagatik eskubide batzuk zituela nabarmendu zuen; eta loteslea ez bada ere, eskubide horiek exijitu egin daitezke, konstituzioetan oinarrizko eskubide moduan barneratzen joan diren heinean. Hau da, egunerokoan betetzea eska daiteke.

Giza eskubideen aldarrikapenak jasotzen dituen eskubideen eta askatasunen artean jasotzen dira besteak beste honako hauek: diskriminatua ez izateko eskubidea, bizitarako eskubidea, inor ezingo dela torturatua izan, adierazpen askatasuna, hezkuntzarako eskubidea eta asilorako eskubidea. Horiekin batera, eskubide zibilak eta politikoak, eta eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta horien artean, gizarte segurantza, osasun ta etxebizitza egoki baterako eskubidea.

Deklarazio horrek nazioarteko eta nazio barneko arauen ardatz izan beharko luke, lehenengo aldiz giza eskubideak unibertsaltzat hartzen baititu. Denentzako izan behar dute, edozein lekuetan bizi izanda ere eta edozein izanik ere gizakiaren inguruabar pertsonala, sozio-ekonomikoa nahiz nazionalitatea. Estatu orok du horiek maila berean babesteko betebeharra, diskriminaziorik gabe, berdintasunean. Giza eskubideak banan ezinak dira, inork ezin du erabaki batzuk besteak baino garrantzitsuagoak direnik, guztiak maila berean daudelako.

Eta oinarrian ideia hori izanik ere, gurean, zoritxarrez, giza eskubideen urraketen adibide nahikoa ditugu, gurean ere bai. Min asko eragin dute giza eskubideen urraketek, hainbat familia eta testuingurutan, eta guri dagokigu oraindik ere mantentzen diren urraketa horiek gainditzea eta iraganean eragindako zauri horiek sendatzeko ibilbidean ekarpenak egitea.

Eta neure buruari galdetzen diot: zer egin dezakete udalek eremu horretan? Beste eskubideen artean, pertsona orok bizimodu egokia izateko eskubidea aldarrikatzen du deklarazioak. Bizitokia, mediku sorospena eta gizarte zerbitzuak. Lanik eza, zahartzaroa, gaixotasuna eta beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea. Hortxe zentratu gaitezen. Udal eskumenak baliatuz, eskain diezazkiegun herritarrei baliabideak, ahalik eta bizimodu egokiena izateko. Izan ere, horretarako gaude, herritarrei ahalik eta bizi kalitate onena eskaintzeko.

Jarri dezagun gure lan egiteko ardatza pertsonaren duintasunean, gizakia izan dadila erdigunea.