Gaur arte 69 lagunek eman dute Azpeitiko Txakurkroserako izena

Uztarria.eus 2018ko abe. 7a, 12:31
2016ko txakurkroseko irudia.

Gaur gauerdian bukatuko da proban aurrez izena emateko epea, baina egunean bertan, 08:30etik aurrera, ere eman ahal izango da izena, Loiolako basilikaren atarian. Azpeitiko Txakurkrosaren ibilbidea Loiola inguruetan osatu dute antolatzaileek, eta 10:30ean hasiko da, Loiolako basilikaren ataritik.

Urtebeteko etenaren ostean, txakurkrosa izango da igandean Azpeitian, eta dagoeneko 69 lagunek eman dute probarako izena. Gaur gauerdian bukatuko da proban aurrez izena emateko epea –sailkapenak.com webgunean dago horretarako aukera–, baina egunean bertan, 08:30etik aurrera, ere eman ahal izango da izena, Loiolako basilikaren atarian. Gaur izena ematen dutenek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta igandean inskribatzen direnek hogei euro. Igandean 08:30etik aurrera hasiko dira dortsalak banatzen.

Azpeitiko Txakurkrosaren ibilbidea Loiola inguruetan osatu dute antolatzaileek, eta 10:30ean hasiko da, Loiolako basilikaren ataritik. Amarok Txakurkros Taldeak antolatu du proba, eta 7,5 kilometro ibilbidea Txalintxo zein Munoandi inguruetatik igaroko da. Aurreko bi edizioetan bezala, Euskadiko Txakurkros Ligaren barruko proba izango da Azpeitikoa. Probaren antolatzaileek uste dute txakurkrosetan esperientziarik ez dutene herritarrei "kirola ezagutzeko aukera" eskainiko diela igandeko lasterketak. Izan ere, proban parte hartzeko ez da beharrezkoa federatuta egotea. Dena den, antolatzaileek azpimarratu dute txakurkrosean parte hartzeko "ezinbestekoa" dela hainbat neurri betetzea, hala nola txakurrei dagozkien txertoak ematea eta material egokia erabiltzea. Horren harira, aurten materialaren kontrola pasatu beharko dute txakurkroseko parte-hartzaileek proba hasi aurretik.

III. Azpeitiko Txakurkrosa amaitzean, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa laburra egingo dute Loiolako zelaietan, etxeko txikienek ere txakurrekin goza dezaten korrika egin bitartean. Ondoren, txakurren erakustaldia egingo dute Amarok taldeko kideek, eta 13:00etan hasita egingo dute sari banaketa ekitaldia.