Imanol Eliasen 'Azpeitiko efemerideak' liburuak hamabost urte

Uztarria.eus 2018ko abe. 6a, 16:57
'Azpeitiko efemerideak' liburuaren azala.

Gaurko egunez duela hamabost urte aurkeztu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak Azpeitiko efemerideak liburua. Imanol Eliasek egindako lan mardulari jarraipena eman dio, beraz, urte guztiotan Uztarriak, eta herritarrek egunero-egunero ikus ditzakete eguneko efemerideak Uztarria.eus-en hasierako orrian.

Gaurko egunez duela hamabost urte aurkeztu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak Azpeitiko efemerideak liburua. Imanol Elias historialari zenak egin zuen lana, eta aurkezpen egunerako ordura arteko efemeride guztiak bildu zituen Uztarriak bere webgunean. Orduz geroztik, Uztarria Komunikazio Taldea datu-basea osatzen aritu da. Urtez urte eguneratzen ditu taldeak efemerideak, eta gaur-gaurkoz 2017aren bukaerara artekoak daude ikusgai webguneko Efemerideen atalean –2018a bukatzean eguneratuko ditu aurtengo efemerideak–. Imanol Eliasek egindako lan mardulari jarraipena eman dio, beraz, urte guztiotan Uztarriak, eta herritarrek egunero-egunero ikus ditzakete eguneko efemerideak Uztarria.eus-en hasierako orrian.

Eliasek honako hau esan zuen efemeriden liburuari buruz 2003an:

"Ezinezkoa da 1310ean sortutako Azpeitiko herrian gertatutako guztia jasotzea. Datu asko ezin dira ezagutu, eta idatzita gelditu direnak baino ez ditugu, baina horien bitartez, herria bera ez ezik, herritarrak gehiago ezagutzeko baliagarriak iruditurik hasi genuen datu bilketa. Benetan lan luzea eta aspergarria bihurtu zaigu une askotan, baina etsi gabe osatzen joan gara. Gero, urtearen egun bakoitzean agertzen ditugun efemerideak aukeratzeak zaildu egin du oraindik eta gehiago gure lana, nolabait muga bat jarri nahi izan dugulako beraiek aipatzeko unean.

Urteetako lanaren ondorioa da orain argitaratu den liburu hau. Aurrez, sekula ez nuen pentsatu inoren eskuetara iritsiko zenik, eta alderdi honetatik nire eskerrik sutsuena agertu nahi diot Uztarria Kultur Koordinadorari, berak ere, nik bezala, ikusi duelako lan interesgarria izan daitekeela gure herria eta herritarrak ezagutzeko, urteetan zehar Azpeitiak eta azpeitiarrek bizi izan dituzten une gozagarriak eta nahigabetsuen berri jakiteko".