Urtea bukatzerako hiru hitzordu jarri dituzte Udal Liburutegian

Uztarria.eus 2018ko abe. 7a, 11:44
Ipuin kontaketa saio bateko irudia.

Ipuin kontaketa saioa, eskulan tailerra eta literatura solasaldia izango dira datozen bi asteetan Enparan Dorretxeko liburutegian. Eskulan tailerrerako aurrez izena eman behar da; gainerako bi egitasmoak irekiak izango dira.

Urtea bukatzerako hainbat ekintza antolatu dituzte Udal Liburutegiko kideek. Ipuin kontaketa saioa, eskulan tailerra eta literatura solasaldia izango dira datozen bi asteetan Enparan Dorretxeko liburutegian.

Astelehenean izango da ipuin kontaketen XXIX. edizioko azken saioa. Urteko azken hitzordua 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat izango da, eta 18:00etatik aurrera ipuina kontatzen ariko da Yolanda Arrieta. Saioa irekia izango da.

Abenduaren 13an, ostegunez, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen arteko haurrei zuzendutako eskulan tailerra izango da liburutegian. 18:00etarako jarri dute hitzordua, baina plazak mugatuak izango dira, eta abenduaren 11a, asteartea, baino lehen eman behar da saiorako izena.

Bestalde, datorren abenduaren 18an, asteartea, Pako Aristik labetik atera berri duen Rosa itzuli da (Erein) eleberriaren inguruko Literatura Solasaldia izango da Udal Liburutegian. Pako Aristik gidatuko du saioa, eta nahi duen orok izango du bertaratzeko aukera.