Elosiagako Santa Luzia festetarako egitaraua, prest

Uztarria.eus 2018ko abe. 5a, 18:10
Elosiagako Santa Luzia festetan hartutako artxiboko irudia.

Egitarau oparoa prestatu dute Elosiagako bizilagunek festetarako. Hiru egunez izango da zer egin eta zertaz gozatu auzoan, denetariko ekintzak prestatu baitituzte jaietarako. Besteak beste, pilota partidak, kantu zaharren bazkaria eta kantaldia, bertsoak eta herri kirol erakustaldia izango dira Elosiagan. Santa Luzia Egunean, hilak 13, hasiko dira festa giroan murgiltzen. 

Inoiz baino mamitsuago datoz Elosiagako Santa Luzia festak. Izan ere, hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute Elosiagako auzotarrek hurrengo asterako. Santa Luzia Eguneko ospakizunekin ekingo diote festei. Abenduaren 13an, osteguna, urtero egin ohi duten elizkizuna egingo dute Elosiagako Santa Luzia ermitan, 11:00etan hasita. Azpeitiko zein Zumaiako abesbatzek zenbait abesti kantatuko dituzte Jose Luis Frantzesena organo-jotzailearen laguntzaz. Ostiralean eten txiki bat egin ostean, larunbatean jarraituko dute ospakizunekin Elosiagan, eta igandera arte izango da zer egin eta zertaz gozatu. Besteak beste, pilota partidak, kantu zaharren bazkaria eta aizkolarien nahiz harrijasotzaileen erakustaldia prestatu dituzte festetarako. 

Hona hemen Elosiagako Santa Luzia festetako egitaraua, osorik: 

Abenduak 13, osteguna, Santa Luzia Eguna:

Suziriarekin eta kanpai hotsekin hasiko dira festak. 

11:00etan, meza Santa Luzia ermitan. Azpeitiko eta Zumaiako abesbatzen emanaldia, Jose Luis Frantzesenak lagunduta. 

11:45ean, hamaiketakoa Añota sagardotegian, Hitzeder eta Lidia soinu-jotzaileek alaituta.

Abenduak 15, zapatua:

14:00etan, kantu zaharren bazkaria Añota sagardotegian, Anjel Mariaezkurrenaren eskutik. 

Abenduak 16, igandea:

Suziriak botako dituzte goizean, eta horren ostean hasiko dira prestatutako ekintzak. 

11:00etan, pilota partidak, bikoteka eta buruz buru. Bikoteka arituko dira Aneitz eta Ohiana Orbegozo, Maddi Unanueren eta Alaitz Badiolaren kontra. Eneritz Arrieta eta Araitz Eizagirre arituko dira buruz buru. 

Pilota partidak bukatzean, kalejira egingo dute Añota sagardotegiaren atarira, Lidia eta Hitzeder soinu-jotzaileekin. 

12:30ean, aizkolarien eta harrijasotzaileen erakustaldia. Nor baino nor arituko dira Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariak. Harrijasotzen, aldiz, Xabier Aranburu Guzta arituko da. 

14:30ean, bazkaria Añota sagardotegian. Bailarako jubilatuentzat, doan. 

Bazkalostean, bertsotan arituko dira Julio Soto eta Sebastian Lizaso, trikiti doinuak lagun.