Ilunpeko pilotariek Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan parte hartuko dute

Uztarria.eus 2018ko abe. 6a, 11:25
Ilunpeko pilotariak Herriartekoa irabazi osteko ospakizunean.

Usansolon jokatuko dute aurrekanporaketa igandean. Lehen partida, lau eta erdikoa, Gorka Iriartek jokatuko du; bigarrena, eskuz banakakoa Unai Salegik; eta binakakoa Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok. Kanporaketa gaindituz gero, lehen fasera igaroko dira Azpeitiko pilotariak.

Euskal Herriko Kluben Arteko Pilota Txapelketaren V. edizioan parte hartu du Ilunpe elkarteak, eta elkarteko kideek igandean jokatuko dituzte lehen norgehiagokak Usansolon (Bizkaia). Senior mailako pilotariek parte hartuko dute lehian, eta lehen kanporaketa izango da igandekoa. Hain zuzen ere, 11:00etatik aurrera Ilunpeko pilotariek Usansolokoen kontra neurtuko dituzte indarrak. Lehen partida, lau eta erdikoa, Gorka Iriartek jokatuko du; bigarrena, eskuz banakakoa Unai Salegik; eta binakakoa Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok.

Aurrekanporaketa gainditzen badute, lehen fasea jokatzeko txartela eskuratuko dute Ilunpekoek, eta lehen faseko neurketak abenduaren 29an jokatuko dituzte aurrekanporaketan aurrera egiten duen Txukun Lakua edo Paz de Ziganda taldearen kontra. Amezketako Larrunarri frontoian izango dira lehen faseko partidak.

Guztira hamasei taldek parte hartuko dute txapelketaren aurtengo edizioan, eta finala martxoaren 10ean izango da Tolosako Beotibar pilotalekuan.