Ro eta Toundra taldeen rock doinuek hartuko dute Sanagustin zapatuan

Uztarria.eus 2018ko abe. 6a, 12:04
Ro musika taldea. (Uztarria)

Toundra taldeak 'Vortex' bosgarren diskoa aurkeztuko du Sanagustin kulturgunean, eta madrildarren aurretik Ro Azkoiti-Azpeitiko taldeak eskainiko du kontzertua. 23:00etan hasiko dira zuzenekoak, eta sarrerak dagoeneko eros daitezke Sanagustinen eta Internetez.

Sanagustin kulturgunean rock instrumental eta esperimental doinuak entzun ahal izango dira etzi, zapatua, Toundra eta Ro taldeen eskutik. Toundra Madrilgo taldea Vortex azken lanarekin iritsiko da Azpeitira, eta disko horretako eta bere ibilbideko beste zenbait abesti taularatuko ditu Sanagustinen. Rock instrumentala egiten du Toundrak, eta egun honako lau musikarik osatzen dute taldea: Esteban Giron, Alberto Tocados, David Lopez eta Alex Perez. 2017an taldea sortu zutenetik, bost disko kaleratu dituzte, eta, besteak beste, Mogwai, Pelican eta Russian Circles taldeen eraginak antzeman daitezken haien abestietan.

Ro, berriz, Azkoiti-Azpeitiko taldea da. Iker Amenabar azpeitiarrak –baxua– eta Gorka Alcalde -gitarra-, Josu Usobiaga –bateria–, Iñigo Gonzalez –gitarra– eta Mikel Iraeta –sintetizatzailea/teklatua– azkoitiarrek osatzen dute banda, eta postrock eta rock experimentalaren bueltan sortu dituzte abestiak bost musikariek. Azkoitiko Matadeixen jaiotako taldea da Ro, eta joan zen ekainean ekin zion ibilbideari. Orduz geroztik, Ilhunbean esan-eginak singlea eta Aikor kantaren bideoklipa aurkeztu eta hainbat kontzertu eskaini dute. Joan zen astean, gainera, Kutxa Kultur Musika programarako aukeratu zuten 66 musika talderen artean. 

Etzi, 23:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Sanagustinen eta www.kulturaz.eus atarian, 14 eurotan. Egunean bertan, berriz, 16 eurotan salduko dituzte.