"Txapeldunen historiak" gogoratzeko prest dator XXVI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 18:26

Martxoaren 30ean jokatuko da 2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Probarako izen-ematea abenduaren 14an irekiko dute. Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzdado atletak ageri diren argazki bat erabiliko dute XXVI. Azkoitia-Azpeitia probaren irudi gisa. Duela 25 urte Helsinkin jokatutako Europako txapelketan hartutako irudia da hori. Maratoi erdiaren antolatzaileek historiari egin nahi diote keinu datorren edizioan. 

XXVI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak baditu data, irudia eta leloa. Probaren antolatzaileek eta babesleek, gaur, asteartea, jakinarazi dituzte 2019ko Azkoitia-Azpeitia lasterketaren inguruko lehen xehetasunak. Martxoaren 30ean jokatuko da Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen proba, eta azken urteetan bezala, maratoi erdiaz gain, lasterketa laburra antolatuko dute egun horretarako. Lasterketaren antolatzaileak atzera begira jarri dira aurten, eta historian zehar eskuratutako lorpenak gogoratzeko aprobetxatuko dute maratoi erdiaren 26. edizioa. Horren erakusle dira proba iragartzeko erabiliko dituzten irudia eta leloa. Hain zuzen, Sergio Carmona argazkilariak 1994. urtean Helsinkin jokatutako Europako txapelketan ateratako argazki bat aukeratu dute XXVI. Azkoitia-Azpeitiaren irudi gisa. Irudi horretan Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzdado atletak ageri dira. Hiru korrikalari horiek domina bana eskuratu zuten urte hartako atletismoko Europako txapelketaren maratoian. Irudiari laguntzeko Txapeldun historiak leloa aukeratu dute.

Lorpen hura gogora ekarrita, Azkoitia-Azpeitiaren historia egiten eta kontatzen jarraitu nahi dutela azaldu du maratoi erdiaren antolatzaile Agustin Jimenezek. "Txapeldun handien historiak, historia ahaztezinak, esfortzuz, elkarlanez eta eskuzabaltasunez jantzitako historiak. Inspiratu eta aurrera jarraitzera bultzatu gaituzten historiak. Horrelako asko ezagutzen ditugu", azaldu du. Halaber, sona handiko atletez gain, Azkoitian eta Azpeitian "txapeldun handiak" daudela adierazi du maratoi erdiaren antolatzaileak. "Ez dira txikiak grina eta leialtasuna erakusten duten pertsonen esperientziak, eta horien historiak egiten du gure proba berezi". Jimenezek azpimarratu du eliteko korrikalariez gain, korrikalari herrikoiek, antolatzaileek, laguntzaileek eta boluntarioek, "denek", egiten dutela Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren historia. Horregatik, "txapeldun" sentitzeko esan die lasterketa aurrera ateratzen duten pertsona guztiei. 

Estitxu Elduaien Kirol batzodeburuak eskerrak eman dizkie urtez urte Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia antolatzen ibiltzen diren lagunei. Era berean, martxoaren 30eko lasterketa ondo irten dadin Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko dituela esan du Elduaienek. Horrez gain, Udalarentzat Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia "oso garrantzitsua" dela adierazi du Kirol batzordeburuak, egun horretan bat egiten baitute eliteko korrikalariek eta herrikoiek.

Izen-ematea eta beste hainbat xehetasun

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren data jakinarazi badute ere, oraindik ez dute lasterketarako izen-ematea ireki. Jimenezek azaldu duenez, izen-ematea Internet bidez egiteko webgunea egokitzen ari dira oraindik. Lan horiek bukatuta, abenduaren 14an zabalduko dute maratoi erdian nahiz lasterketa herrikoian izena emateko epea, eta orduan emango dituzte dortsalen prezioen inguruko xehetasun guztiak. Aurrerapen gisa, Jimenezek azaldu du maratoi erdian izena ematen duten lagunei buruko zinta bana oparitu nahi dietela, Diego Garciaren omenez. Antolatzaileek azaldu dutenez, maratoi erdiaren ibilbideak ez du aldaketarik izango 2019an.