Agortu dira Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 11:46

Kulturazek duela bi aste pasatxo jarri zituen salgai Lertxundiren kontzerturako sarrerak, eta epe horretan 600 sarreratik gora saldu dituzte.  2019ko Kultur Bonoa eskuratzen duten herritarrei Lertxundiren kontzerturako sarreragatik ordaindutako diru kopuruaren %50a itzuliko zaie emanaldiaren egunean, Soreasuko leihatilan.

Amaitu dira Benito Lertxundik urtarrilaren 25ean Soreasu antzokian eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Gaur, asteartea, jakinarazi du berria Kulturaz kooperatibak. Kulturazek duela bi aste pasatxo jarri zituen salgai Lertxundiren kontzerturako sarrerak, eta epe horretan 600 sarreratik gora saldu dituzte. 

Sei urteren ostean, disko berria argitaratu du Lertxundik. Bere seigarren lanak Ospakizun Gauean du izena, eta hori aurkeztuko du Azpeitian. Gaztetan, ospakizun batean zegoela, ordu txikitan izandako esperientzia batean du jatorria diskoaren izenak. Abeslariaren hitzetan, "ospakizunek pisu handia dute gizartea antolatuta dagoen eran". Soreasun eskainiko duen kontzertuan disko horretako kantak eta azken 50 urteotako ibilbide profesionalean sortutakoak abestuko ditu, 21:00etan hasita. 

2019ko Kultur Bonoa

Kulturaz kooperatibak aurreratu duenez, abenduaren 12an jarriko dute salgai 2019ko Kultur Bonoa. Eskuratzen dutenek, Kulturaz kooperatibak Sanagustin kulturgunean antolatutako ekitaldietara doan sartu ahal izango dute, eta Soreasu antzokiko ekitaldietan %50eko deskontua izango dute. 2019rako hamar kontzertu, hiru dantza emanaldi eta lau antzerki obra programatuta ditu herriko kultur kooperatibak dagoeneko, eta horien artean da Benito Lertxundiren kontzertua. Kultur Bonoa erosi aurretik programatutako ekitaldiren baten sarreraren bat erosten duten lagunei dagokien dirua itzuliko zaie, ekitaldiaren egunean bertan. Modu horretan, 2019ko Kultur Bonoa eskuratzen duten herritarrei Lertxundiren kontzerturako sarreragatik ordaindutako diru kopuruaren %50a itzuliko zaie zuzenekoaren egunean bertan Soreasuko leihatilan.