Azpeitiarrak eta haien lanak 53. Durangoko Azokan

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 12:45

Ostegunetik igandera izango da zabalik Durangoko Azoka. Euskal kulturaren topaleku izango da Landako gunea, eta Azpeitiko sortzaile ugari izango dira bertan ondu dituzten lanak aurkezten nahiz saltzen. Han izango dira, besteak beste, Pako Aristi eta Aitor Arana idazleak, nahiz Egurra ta Kitto, Hesian eta Ro musika taldeak.

Ostegunean, abenduaren 6an, zabalduko ditu ateak euskal kulturaren erakusleiho den Durangoko Azokak. Aurtengoa, egitasmoaren 53. edizioa izango da, eta ostegunetik igandera bitartean euskal kulturaren topaleku izango da Durangoko Landako gunea.

Urtean zehar egindako lanak aurkeztuko dituzte bertan zinegileek, musikariek nahiz idazleek, eta azpeitiar sortzaileek ere izango dute lekua; izan ere, aurkezpen bat baino gehiago egingo dute herritarrek bertan. Hain zuzen ere, ostegunean bertan zuzenekoa eskainiko du Azkoitiko eta Azpeitiko Ro musika taldeak, Ahotsenean; 19:40tik 20:10era izango da Aikor diskoa aurkezteko kontzertua. Pako Aristi idazleak Rosa itzuli da (Erein, 2018) eleberria aurkeztuko du ostiralean, 11:00etan, Ahotsenean. Egurra ta Kitto taldea ere Ahotsenean aritzekoak ziren, baina lan kontuengatik bertan behera utzi dute emanaldia.

Zuzeneko aurkezpenak ez, baina hainbat postutan izango dira herriko sortzaileak azokaren egunetan. Aitor Arana idazlea, berriz, Ibaizabalen standean izango da asteazkenean, Banpiroen hiria lanarekin. Pako Aristi ostiralean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara izango da Ereinen postuan, aurten kaleratu dituen bi liburuak sinatzen. Egun horretan Elkarren txokoan izango da Xabier Gantzarain Zuloa lana sinatzen. Hesian musika taldea –Ane Bastida azpeitiarra baxu-jotzailea da–, adibidez, Baga Bigaren stand-ean izango da ostegunean, ostiralean eta igandean, egun osoan zehar, Hasiera lana sinatzen. Egurra ta Kitto musika taldeko kideek azaldu dutenez, egunero izango dira diskoak sinatzen beraien postuan.

Hemen azpeitiarrek eta Azpeitiko bizilagunek aurten argitaratu dituzten lanen zerrenda:

Zuloa. Gantzarain, Xabier. Elkar (2018). (Honako lotura honetan irakur daiteke liburua aurkeztu zuenean egindako albistea eta honako honetan elkarrizketa).

Rosa itzuli da. Aristi, Pako. Erein (2018). (Hona hemen liburuaren aurkezpeneko albistea)

Maitatu zure egunak. Aristi, Pako. Erein (2018). (Hona hemen aurkezpeneko albistea)

Banpiroen hiria. Arana, Aitor (2018).

10 urte. Egurra ta kitto. (2018). Hona hemen diskoa grabatzen hasi zirenean egindako albistearen lotura)

Hasiera. Hesian. Baga Biga (2018). (Hona hemen diskoaren aurkezpeneko albistea)

Aikor. Ro (2018). (Hona hemen siglearen albistea)

Durangoko Azokaren gaineko informazio osatua, honako lotura honetan.