Abestuz, dantzatuz eta hitz eginez ospatu dute Euskararen Eguna ikastetxeetan

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 09:46

Euskararen Eguna izan zen atzo, abenduak 3, eta Azpeitiko ikastetxeetan ospakizunik ez zen falta izan. Data horretan urtero egin ohi duten bezala, denetariko ekintzak prestatu zituzten Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean, Urola Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain Euskararen Eguna ospatzeko. Mailaz maila eta ikastetxez ikastetxe era guztietako jarduerak egin zituzten egun guztian zehar: musika eta dantza emanaldiak, kalejirak, Mari Domingiren harrera, aurpegi margoketak, bazkaria, hitzaldiak... Eta, noski, guztiak euskaraz.  Hizkuntza hori gal ez dadin, herriko irakasleek eta ikasleek urte osoan zehar jarraituko dute euskara zaintzen, euskaraz bizi ahal izateko. Aldarri horrekin agurtu dute Euskararen Eguna Azpeitiko ikastetxeetan, hurrengo urtera arte.