Tolosako Boulder Txapelketa irabazi du Eneko Canterok, bigarren urtez jarraian

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko abe. 3a, 12:02

Eneko Cantero eskalatzaile azpeitiarrak ez du hutsik egin Tolosan, eta beste urte batez nagusi izan da Oargiko Boulder Txapelketan. Joan den zapatuan, abenduak 1, jokatu zen eskalada txapelketa Tolosako Oargi mendi elkartean, eta lan guztiak txukun egin ostean, senior mailako aurreneko postua eskuratu zuen Canterok. 

Sailkapen fasean zortzi bloke egin behar izan zituzten maila nagusiko 25 parte-hartzaileek, eta horiek guztiak osatzeko gai izan zen Cantero. Azpeitiko eskalatzailea izan zen zortzi blokeak osorik egin zituen parte-hartzaile bakarra; horrenbestez, zuzenean eskuratu zuen finalerako txartela. Sariketaren azken fasean boulderreko bost bloke egin behar izan zituzten finalera sailkatutako eskalatzaileek. Canterok lanak ondo baino hobeto egin zituen, eta bostetik bost bloke eginda eskuratu zuen garaipena. Hark azaldu duenez, aspaldian jokatu duen txapelketarik "onena" izan zen zapatukoa, lan guztiak "borobil" irten baitzitzaizkion. Canteroren lagunak Tolosara hurbildu ziren eskalatzailea animatzera nahiz babesa agertzera, eta horri esker "mundial" pasatu zuela azpimarratu du eskalatzaileak. 

Azpeitiarrak Oargiko Boulder Txapelketa irabazten duen bigarren aldia da aurtengoa. Canterok iaz irabazi zuen Tolosako mendi elkartearen eskalada txapelketa aurrenekoz. 

Eneko Cantero (eskubitik bigarrena) eta podiuma osatu zuten gainerako eskalatzaileak. (Oargi mendi elkartea)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu