Angel eta Luix Beltza dendek Singular Dendak ziurtagiria eskuratu dute

Uztarria.eus 2018ko abe. 3a, 11:39

Angel argazki dendak eta Luix Beltza arropa dendak Singular Dendak ziurtagiria eskuratu dute. Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute ziurtagiria, eta aurten 45ek eskuratu dute; tartean, Azpeitiko bik. Donostiako Londres Hotelean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta han izan ziren Azpeitiko ordezkariak.

Singular Dendak ziurtagiriak saltokiek eskaintzen duten tratu pertsonalizatua aitortzen du: "Nortasun handikoak dira, merkataritza eredu ezberdinak mantentzea lortzen dutelako; eta gertukoak izateaz gain, bakarrak dira, bezeroekin batera hazi direnak". Singular dendaren helburua da Gipuzkoako komertzio "original, bakar eta berezien" sarea osatzea. Gaur-gaurkoz, 102 saltokik osatzen dute sarea.