Leire Rezabal: "Euskaraz gehiago hitz egiteko saiakera egin dut Euskaraldiarekin"

Uztarria.eus | Euskara
2018ko abe. 2a, 19:03

Etxean euskaraz hitz egiteko joera izan du betitik Leire Rezabalek (Azpeitia, 1991). Lagun giroa eta kuadrilla, aldiz, elebia du; gaztelaniaz nahiz euskaraz hitz egiten dute. Euskaraldiarekin euskararen erabilera "serioago" hartu duela dio Rezabalek. Ahobizi rolean aritu da, eta bera da Euskaraldiaren 11 ertzak serieko hamargarren elkarrizketatua.

Leire Rezabal.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zein rol aukeratu duzu Euskaraldiak irauten duen bitarterako? Zergatik?

Ahobizi naiz Euskaraldian. Pentsatu nuen nire egunerokoan, lantokian nahiz lagunartean kasu, egitekorik errazena hori izango zela niretzat, euskaraz hitz egiten baitut gehienetan. 

Euskaraldiak euskara sustatzeko balio izan duela pentsatzen al duzu?

Egitasmo interesgarria iruditzen zait Euskaraldia, eta horregatik eman nuen izena bertan. Ilusioz, gainera. Uste dut ariketa sozialak izan duen parte hartzea handia izan dela, Gipuzkoan batez ere. Azken egunotan, erabiltzen ditudan sare sozialetan asko nabaritu dut Euskaraldiaren oihartzuna.

Zure lagun giroa ez da guztiz euskalduna. Zuk euskaraz egiteak eragiten al die zure ingurukoei euskararen erabilerari dagokionez? 

Nire kuadrillan, oro har, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiten da, bi hizkuntzak nahastuz zenbaitetan. Joera ezberdinak ditugu, eta zenbaitetan gehiago hitz egiten da euskaraz; beste batzuetan, aldiz, alderantziz. Bi hizkuntzetarako joera dago, eta ni ere bi hizkuntzetan solasten naiz maiz. Euskaraldiarekin saiatu naiz euskara zorrotzago hartzen eta euskaraz gehiago hitz egiteko saiakera egiten. Dena den, nire lagunartean ez da gehiegi nabaritu. 

Zer esango zenieke euskaraz hitz egitera animatu ez diren lagun eta herritar horiei guztiei?

Esango nieke zaila ematen duen arren, inoiz ez dela berandu euskaraz ikasteko, eta saiatuz gero, lor daitekeela.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu