Diagnostiko prozesuaren emaitzak plazaratuta, aurrera begira jarri da Herri Hezitzailearen egitasmoa

Uztarria.eus 2018ko abe. 1a, 19:55

Azpeitia Herri Hezitzailearen egitasmoaren barruan abiatutako balioen diagnostiko prozesua gaur borobildu dute. Iazko maiatzetik hona egindako prozesuaren emaitzak plazaratuta eta ondorioak partekatuta, aurrera begira jarri dira egitasmoan parte hartzen ari diren arlo desberdinetako herriko eragileak zein norbanakoak. Sanagustin kulturgunean lehenbizi eta udaletxeko ganbaran ondoren, jardunaldi mamitsua izan da gaur goizekoa.

Leire Gornaga Udaleko Hezkuntza zinegotziak parte-hartzaile guztiei harrera egin ondoren, Herrigintzatik herri hezitzailera hitzaldiarekin hasi da jardunaldia. Joxe Mari Agirretxe Porrotxek Lasarte-Orian azken hamarkadetan jorratutako bidea eta horren emaitzak izan ditu hizpide, bere esperientziatik abiatuta; Lasarteren eraldaketa euskaratik, kulturatik eta herrigintzatik egin dela azpimarratu du. Ondoren, Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko zuzendariak hartu du hitza, Legazpiko esperientzia azaltzeko.

Azpeitiarren txanda etorri da jarraian. Herriko eragileen artean egindako baloreen inguruko diagnostikoaren ondorioak aurkeztu dituzte arlo desberdinetako eragileek, prozesuan arloz arlo azaleratu diren indarguneak eta ahulguneak azalduz. Horrekin bukatu da Sanagustingo jarduna.

Udaletxean jarraitu dute egitaraua jardunaldiko partaideek. Han, taldeka banatuta, hainbat baloreren gainean hausnartu dute aurrena eragileetako ordezkariek, eta balore bakoitzaren gainean ateratako ondorioak partekatu dituzte gero, guztien artean, jardunaldia agurtu aurretik.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)