Auzokoen bazkariarekin ospatu dute San Eloi eguna Landetan

Uztarria.eus 2018ko abe. 1a, 18:02

San Eloi eguna ospatzen ari dira gaur, Landeta auzoan. Goizean, mendiko bizikletan irteera egin dute, Erreka Bike dendatik irtenda. Eguerdian, berriz, Bordatxo jatetxean elkartu dira auzotarrak bazkatzeko. Bazkalondoan, bertsolariak eta trikitilariak izango dituzte festa girotzen; eta, gaurko eguna auzoan poteoa eginez bukatuko dute.

Asteazkenean hasi zituzten Landeta auzoan San Eloi jaiak, eta bihar, igandea, izango dituzte festetako azken ekitaldiak. 12:30ean, Zelailuze ganadutegiaren eskutik, zezen txikiak eta poniak izango dira gaztetxoentzat, eta 13:00etan, herri kirol erakustaldia hasiko da. Kirol saioan, gainera, Eneko Otaño eta Julen Alberdik desafioa jokatuko dute, eta, festak bukatzeko Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal harri-jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute.