Euskaraldia

Euskaraldia, eragiteko eta ospatzeko

Uztarria.eus 2018ko abe. 1a, 16:44

Eguneroko praktikarekin Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, ospatzeko ere baliatu du Elkar-ekinek euskararen erabilera bultzatzeko ariketa soziala. Atzo, Euskaraldiaren harira prestatutako jaialditxoa egin zuten Soreasuko Elkargunean. Ujala Mehreen-en hitzartzearekin hasi zen ekitaldia. Bere nondik norakoak azaldu zituen Azpeitian bizi den kaxmirtar euskaldunak, eta txaloekin erantzun zituzten haren hitzak Elkargunean bildutakoek. Imanol Albizu bertsolariaren txanda etorri zen jarraian, eta hark ere jaso zituen bertaratutakoen txalo beroak. Maialen Etxaniz eta Onintza Agirre izan ziren jaialdi txikiko azken protagonistak; aurrenak berak idatzitako bi poesia irakurri zituen, bigarrenaren gitarra doinuak lagun zituela.

Ekitaldia bukatuta, Elkargunean bertan afari-meriendaz gozatzeko parada izan zuen jendeak.