Soka, iraunkor

Uztarria.eus 2018ko aza. 30a, 15:53
Kontxita Martija eta Vladys Kutxerenko. (Mireia Galarza)

Vladys Kutxerenko duela 18 urte etorri zen lehen aldiz Ukrainatik Azpeitira, Kontxita Martijaren etxera. Egun, bertan bizi da. Mireia Galarza kazetariak biekin osatu du erreportaje hau 2018ko azaroko Uztarria aldizkarirako.

2000. urteko ekaina. Orduantxe elkartu ziren Kontxita Martijaren (Arroa Goia, Zestoa, 1947) eta Vladys Kutxerenkoren (Ivankiv, Ukraina, 1994) bideak. Gaur arte. Izan ere, egun Azpeitian bizi da Kutxerenko, Martijaren etxean. "Oso gustura" daudela diote biek, baina hemezortzi urte atzera egin behar dira bide luze horren hasierara iristeko.

"Aurretiazko erretiroa hartu ostean, lan sozial bat egiteko beharra sentitzen nuen", aitortu du Martijak. Hori horrela, 2000. urteko Errege egunean deitu zien Txernobilgo Lagunak elkarteko kideei, eta urte bereko ekainean etorri zen lehendabizikoz Vladys Kutxerenko Azpeitira. "Bitxia da bizitakoa. Berez, beste ume batek etorri behar zuen, baina prozesua atzeratu, eta azkenean, Vladys etorri zen", azaldu du. Etorri eta berehala bere lehen "oparia" jaso zuen ukrainarrak: "Ez dut oso irudi garbia eta ez naiz oso ondo gogoratzen, baina aireportutik Azpeitira ekarri ninduen autobusak balaztada txiki bat izan zuen, eta ondorioz, kopetarekin aurreko aulkia jo eta kolpea hartu nuen". Martijaren arabera, zauriak "itxura zatar samarra" hartu zuen, eta, azkenean, puntuak eman behar izan zizkioten. "Gogoratzeko moduko hasiera, zalantzarik gabe".

Kutxerenkok dioenez, laster hasi zen Azpeitian hobeto sentitzen, "baita osasun aldetik ere". Era berean, gazteak oso argi du Martijarengandik, haren familiarengandik eta ezagututako beste pertsona guztiengandik "izugarrizko babesa" sentitzen zuela eta horrek ikaragarri laguntzen ziola. "Zailena", ordea, hemengo bizimodura ohitzea egin zitzaiola aitortu du.

Mende berriarekin batera hasitako prozesua uste baino gehiago luzatu zen; izan ere, 17 urte egin arte, urtero etorri zen Kutxerenko Azpeitira, Txernobilgo Lagunak elkartearen laguntzarekin. Eta soka ez da eten: Ukrainan Hispaniar Filologia ikasketak burutu ostean, behin betiko Azpeitira etortzea erabaki zuen Kutxerenkok, Martijaren arabera, bere alaba gazteenarekin adostuta.

Errealitatea errealitate, aldaketa guztiak egiteko prozesua "luzea eta astuna" dela dio Martijak, baina garbi adierazi du "merezi izan" duela. Abuztuan etorri zen Kutxerenko Azpeitira bizitzera, eta turismoari lotutako goi mailako zikloa ikasten hasi da dagoeneko. "Pozik" dagoen arren, ikasketa prozesura "ohitzen" ari dela dio: "Ostalaritzan ikusten naiz lanean, baina euskara ikastea falta zait. Ikasteko asmoa daukat. Lau hizkuntza hitz egiten ditut, eta iruditzen zait hori ere lagungarria izango zaidala".

Kontzientzia falta

"Ez da prozesu erraza", adierazi du Martijak; izan ere, haren arabera, halako proiektuen bidez ume bat etxera ekartzean kontuan izan behar da esperientzia gaizki irten daitekeela. Hala ere, Martijak azaldu duenez, "merezi" du prozesuan murgiltzeak. Azpeitiarrak, oraindik, gogoan dauzka Kutxerenko umea zela Azpeitira iritsi zen sasoi hartako lehen egunak: "Gogorrak izan ziren, Vladysek ez zekien euskaraz eta nik ere ez ukrainarrez. Imintzioka hitz egiten genuen". Martijak buruan ditu hastapenetako hainbat anekdota ere: "Vladys eta biok hozkailuaren aurrean jartzen ginen, eta ahal nuen moduan esaten nion nahi zuen guztia jateko aukera zuela". Egoerak, ordea, ez zuen asko iraun horrela. Izan ere, Martijaren ustez, gazteak "azkar" ohitzen dira eremu berrietara, eta Vladysi ere gauza bera gertatu zitzaion.

Uda sasoietako proiektuetako kasu guztiek, baina, ez dute Vladysen amaiera bera izan. Martijak ezagutu ditu egoera berrira ohitzen jakin ez, eta denbora asko pasatu baino lehen, umearekin adostutako oporraldia eten duten familiak. "Horrelakorik gertatzen bada, prozesuko bi protagonistek sufritzen dute, ez bakarrik hemengo familiak", gaineratu du. Gaiari lotuta, "kontzientziazio falta" azpimarratu du Martijak. "Askotan ez gara konturatzen gu baino askoz okerrago bizi diren pertsonak badaudela eta horiei laguntzen saiatu behar dugula". Eta bestearen lekuan jartzeak ere badu horrekin zerikusia; izan ere, hirutan joan da Martija Ukrainara, eta hango bizimodua nolakoa den ikusteak "inpresio handia" egin izan diola azaldu du. Horregatik, Txernobilgo Lagunak gisako elkarteak "oso beharrezkoak" direla azpimarratu du. "Etortzen diren umeak asko badira ere, ume asko eta asko geratzen dira beraien sorterrian. Lagundu egin behar dugu, era batera edo bestera".

Nostalgia

Kutxerenkok ez du zalantza izpirik: "Hemen ikusten dut nire etorkizuna". Eta badu horretarako argudiorik: "Hemengo kultura eta bizitza txikitatik gustatu izan zaizkit, eta hona etortzen nintzen bakoitzean imajinatzen nuen nire etorkizuna hemen egongo zela". Hala ere, Kutxerenkok aitortu du "asko" sumatzen dituela faltan bere familia eta lagunak, eta oso argi du beraretzat beti izango dela Ukraina herrialde "maitatuena". "Beste herrialde guztietan bezala, Ukrainan ere badira arazoak. Baina hango kutsaduraren egoera ez da lehen bezalakoa, eta gauzak hobetzen doaz", azaldu du herrialdeari erreferentzia eginez. "Inoiz pentsatu izan dut nire ama ere Azpeitira ekartzea, baina bera gustura dago dagoen lekuan, eta hona etorriz gero, asko kostatuko litzaioke ohitzea era egokitzea", dio Kutxerenkok.

Bi protagonisten arteko erlazioa oso ona da, eta Martijak miresmenez hitz egiten du haurra zela etxean hartu zuen gazteaz: "Nik berari baino gehiago eman dit berak niri". Kutxerenkok ere Martijak emandako laguntza guztia ez du oharkabean pasatzen uzteko, eta malkoak begietan, hala esan du: "Bere laguntzarik gabe ezinezkoa zatekeen Azpeitian bizitzea". Elkarri begira, irribarrea ahoan, hala dio Martijak: "Ez da alaba, baina nik hala balitz bezala maite dut".