Ikusle kopuruak gora egin du aurtengo Euskal Antzerki Topaketetan

Uztarria.eus 2018ko aza. 30a, 11:16

Udalak adierazi duenez, batez beste, 300-350 ikus-entzule izan dira antzerki obretan. Topaketek gorako "pauso garrantzitsua" egin dutela adierazi du Udalak, urteotako topaketa "luzeenak eta emankorrenak" izan direlako. Josu Labakak eskerrak eman dizkie herritarrei, antzezleei nahiz topaketak antolatzen aritu diren teknikariei.

Euskal Antzerki Topaketen XXXVI. edizioa bukatuta, lehen balorazioa egin du Udalak. Topaketek gorako "pauso garrantzitsua" egin dutela adierazi du Udalak; izan ere, erakundearen arabera, azken urteotako topaketa "luzeenak eta emankorrenak" izan dira aurtengoak. Ikusleei dagokienez ere, azken hiru urteotako jende kopuru handiena aurten izan dela adierazi dute. Izan ere, saioetako batez besteko kopurua 300-350 lagunekoa izan da: "Guztira 4.200 bat lagun izan dira topaketetan, eta datua oso baikorra da. Antzerki zaletasuna gure herrian bizirik dagoela nabari daiteke, eta antzerkigintzak gure herrian etorkizuna baduela erakutsi da beste behin Matxinada ikuskizunarekin zein datu horiekin".

Antzerki Topaketen kalitatearekin eta ikus-entzuleen parte hartzearekin "gustura" agertu da Josu Labaka Kultura batzordeburua. "Urriaren 27an hasi ziren topaketak Matxinada herri antzerkiarekin, eta azaroaren 26an bukatu ziren Martin Zalakain ikuskizunarekin. Tartean hamaina ikuskizun izan dira adin tarte eta gustu desberdinetako herritarrentzat, eta herritarrek ez dute hutsik egin". Udalak Eskola Antzerki saioen eta Corrado Masacciren txotxongiloen erakusketaren balorazio positiboa egin du, eta Labakak eskerrak eman dizkie ikusleei horiek ematen dietelako zentzua topaketei. "Eskerrak eman nahi dizkiet antzezleei, zuzendariei eta gainerakoei Azpeitira etortzeko izaten duten prestutasunagatik. Eta, eskerrak, nola ez, topaketa hauek aurrera ateratzeko hilabetean lanean aritzen diren teknikari guzti-guztiei".