Kolorez eta umorez beteta dator Sanjuandegiko Azoka Herritik

Uztarria.eus 2018ko aza. 29a, 20:09
Sanjuandegiko Azoka Herritiken sustatzaileak. (Ihintza Elustondo)

Abenduaren 15ean egingo dute azoka, eta askotariko eskaintza aurkitu ahal izango da bertan: bertako produktuak, jan-edaneko postuak, bigarren eskuko azoka... "Txikitik eta auzotik" eragitea da antolatzaileen helburua.

Beste urtez batez, Sanjuandegi auzoko plaza kolorez, umorez, artelanez, elkartasunez eta goxotasunez betetzera dator Azoka Herritik. Abenduaren 15ean, larunbata, egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, eta neguko egun hotzari epeltasuna ematea da antolatzaileen helburua, "betiko moduan, elkarlanean, txikitasunean eta herritik". XJ Auzolanean taldeak eta Azoka Herritik egitasmoan biltzen diren herriko talde eta sektore ekonomiko ezberdinek sustatu dute azoka, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Eguneroko lana plazaren bueltan jarriko dute azokaren bidez, "elkarrekin, goxatzeko, entzuteko eta dastatzeko". "Txikitik, auzotik, eragitea da gure xedea, tokiko sorkuntza eta ekoizpenari bide ematea, zentzuzko kontsumoa bultzatzea, kaleetako bizitza soziala indartzea eta auzolanaren zein elkarlanaren bidez, herri eta auzo justu eta bizi bat lantzea", azaldu dute antolatzaileek. Auzoetan egitasmoak garatzeak eta "txikitik eragiteak" helburu horri erantzuten dio, haien arabera.

Eragileak bat eginda

Askotariko herritarren eta eragileen arteko lanak egiten du azoka posible, sustatzaileen esanetan. "Herrian nahiz auzoan bizitzeko, kontsumitzeko, lan egiteko eta gozatzeko modu berriak sortzen dihardugu guztion artean, eta horren isla izango da abenduaren 15ean egingo dugun Sanjuandegiko azoka".

Urtero bezala, askotariko eskaintza izango da azokan. Goizean goizetik, auzoko plazari itxura aldatuko diote, eta 10:00etarako prest izango dute azoka. Bertan, baserritarrek bertako eta garaiko barazkiak, gaztak, ogiak eta abar eskainiko dituzte; herriko kooperazio taldeek beren proiektuak ezagutaraziko dituzte; Elkar-ekinek bigarren eskuko azoka jarriko du – liburuak, arropa, sukaldeko tresnak, altzariak eta antzeko produktuak... eskuratu ahal izango dira–; artisauek postuak jarriko dituzte; Elikaguneko kideak eta Azpeitiko Argazki Elkartekoak ere bertan izango dira; eta jan-edaneko postuak ere egongo dira. Kultur ekintzarik ere ez da faltako; besteak beste, Iagomago izango da auzoa magiaz betetzen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "azken hariak" lotzen ari dira, eta "laster" jakinaraziko dute egitarau osoa.