Asfaltatze lanak tarteko, astelehenean eta asteartean itxita izango da Kalebarrena

Uztarria.eus 2018ko aza. 29a, 16:43

Urrestillako kale horretako ur hoditeria berritu zuten aurrena, eta eguraldiak laguntzen badu, bi egun horietan egingo dituzte asfaltatze lanak. Errepidea itxita izango da, eta Azpeitia eta Beizama arteko UK04 autobus zerbitzuak sarrerako bidegurutzean egingo ditu geldialdiak.

Udalak ur hoditeria berritzeko obrak hasi zituen joan zen irailean Urrestillako Kalebarrenean, eta horiek berrituta, asfaltatze lanei ekingo die erakundeak. Eguraldiak laguntzen badu, astelehenean eta asteartean egingo dituzte lan horiek, eta horregatik, ibilgailuentzat itxita izango da kalea. Hori dela eta, Azpeitia eta Beizama arteko ibilbidea egiten duen UK04 autobus zerbitzuaren geltokia tokiz aldatuko dute; herri barruan gelditu beharrean, sarrerako bidegurutzean egingo ditu geldialdiak autobusak. Obraren aurrekontua 130.000 eurokoa dela jakinarazi du Udalak.