Zubia dela eta, zirkulazio bereziak eskainiko ditu Burdinbidearen Euskal Museoak

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 11:00

Ostegunean, zapatuan eta igandean bost joan-etorri egingo dituzte trenek museotik Lasaora bitartean; ostiralean ez da irteerarik izango, baina museoa irekita egongo da egun horretan ere.

Lurrun trenaren aurtengo denboraldia itxita badago ere, Burdinbidearen Euskal Museoak datorren asteko zubian berriz jarriko ditu zirkulazioan ibilgailu historikoak, eta hainbat joan-etorri egingo dute museotik Lasaora bitartean.

Ostegunetik igandera zubia dela baliatuta, zirkulazio bereziak eskainiko ditu egun horietan museoak, abenduaren 7an izan ezik. Izan ere, egun horretan ez dute egingo irteerarik. Guztira, bost joan-etorri egingo dituzte ostegunean, zapatuan eta igandean:

  • Osteguna, abenduak 6: 12:30ean, trena aterako da museotik Lasaora.
  • Zapatua, abenduak 8: 12:30ean, trena aterako da museotik Lasaora.
  • Igandea, abenduak 9: 11:00etan, diesel-automotorea aterako da museotik; 12:00etan, lurrunezko trena aterako da; 13:00etan, lurrunezko trena abiatuko da.

Trenaren joan-etorriak sei euro balioko du, eta prezioaren barnean egongo da museorako sarrera ere. Ordutegiari dagokionez, abenduaren 7an, ostiralean, 10:00etatik 13:30ra eta 15:00etatik 18:30era zabalduko dute, eta gainontzeko egunean, 10:30etik 14:00etara egongo da irekita.