Euskaraldia

Maria Luisa Cantos: "Xume bada ere, beti jarraituko dut euskararekin harremanetan"

Uztarria.eus 2018ko aza. 29a, 11:44
Maria Luisa Cantos.

Maria Luisa Cantos (La Garrovilla, Extremadura, Espainia, 1958) 60. hamarkadan iritsi zen Azpeitira, eta orduz geroztik bertan bizi da. Gaztetan, giro euskaldunak harrapatu zuen; lantokian aurrena, eta senarraren lagunartean eta familian, gero. Belarriprest rola hartu du Euskaraldian, nahiz eta pentsatzen duen beti izan duela belarria euskara entzuteko prest. Cantos da Euskaraldiaren 11 ertzak serieko zazpigarren elkarrizketatua.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?

Aspaldi. Lanak bultzatuta lehenik, eta familiarengatik, ondoren. Gazte hasi nintzen lanean, eta orduan apenas nekien euskaraz. Denetariko lanak egiten ibili ostean, abarketak egiten hasi nintzen lantoki txiki batean. Negozioaren arduradunak nahiz lankide gehienak euskaldunak ziren, eta haiekin hasi nintzen euskarara egiten. Nire senarra azpeitiarra da, euskalduna. Ezagutu nuenean, haren inguruko jendearekin harremantzen hasi nintzen: senarraren kuadrillla, lagunak, familia, giroa... beti egon dira euskarari lotuta. Haren familia oso euskalduna da, eta lehen, asko kostatzen zitzaien gaztelaniaz hitz egitea. Beraz, nik euskaraz aritzeko saiakera egiten nuen, eta besterik ezean, elkarrizketak entzuten nituen. Horrela hasi nintzen euskararekin harremanetan, pixkanaka-pixkanaka. 

Orain, esaterako, euskaraz hitz egiten ari zara. Non ikasi duzu horrela hitz egiten?

Senarraren etxekoekin asko ikasi nuen, haien etxean euskaraz egiten baitzen beti. Baita soziedadean egindako bazkari-afarietan ere. Giro horrek lagunduta, gehiago hitz egiten nuen euskaraz orain baino, eta ulertu ere askoz ere hobeto egiten nuen. Gainera, AEKn ibili nintzen denbora batez, baina eskolak utzi behar izan nituen, lanagatik eta bestelako ardurengatik. Senarrak eta alabak beti animatu izan naute euskara ikastera, baina badakite denbora falta dela nire arazoa. Biek euskaraz hitz egiten dute beraien artean, eta horri esker egin zait belarria euskarara. 

Zein oztopo aurkitu dituzu bidean? 

Zailtasunik ez dut aurkitu; segurtasun falta handia bai, ordea. Sarritan sentitu izan dut euskaraz gaizki hitz egitean hanka sartzeko beldurra. Izan ere, errespetua ematen dit akatsak egiteak. Gaur egun, oraindik orain, lotsa sentitzen dut euskaraz hitz egitean. Gaztelaniaz solasten naizenean oso bizkor hitz egiten dut, eta aitortzen dut euskaraz aritzean erritmo berean hitz egiteko joera dudala. Hala ere, jakin badakit hitz egin aurretik pentsatu ezean trabatu egingo naizela; eta trabatzeak segurtasun falta areagotzen didala. Alabak ikastolan ikasi zuen, eta han ere ez nintzen sekula deseroso sentitu. Gainerako gurasoek euskaraz hitz egiten zidaten, eta errespetatzen zuten nik gaztelaniaz erantzutea. Izan ere, bazekiten euskaraz aritzeko saiakera egiten nuela. 

Zein eremu euskaldunetan sentitu zara erosoen?

Ni beti izan naiz belarriprest, eta gaur egun ere hala naiz. Uste dut nahiko ondo ulertzen dudala euskara; hori bai, gaztelaniaz erantzuteko joera dut, segurtasun faltagatik. Orain, Elkar-ekineko lagunek eskaintzen dituzten mintzapraktika saioetara joaten naiz astean behin. Badira urte batzuk horietara joaten hasi nintzela. Han gustura nahiz eroso sentitzen naiz. Maikar eta Mila dira gure irakasleak, eta asko laguntzen digute. Goraipatzekoa da Milak eta Maikarrek nahiz gainerako boluntarioek egiten duten lana. Haiek segurtasuna eta konfiantza ematen digute, eta modu horretan, erosotasunez hitz egiten dugu euskaraz, lagun giro jatorrean.  

Zer deritzozu Euskaraldiaz?

Ariketa interesgarria da. Begi onez ikusten dut era honetako ekintzak antolatzea, euskarari on egiten baitiote. Gainera, oraindik lehen urratsa egin ez duten pertsonak euskaraz hitz egitera animatzeko balio du. Dena den, mintzapraktika saioak bezalako egitasmoak sustatu behar direla uste dut, gertutasuna nahiz lasaitasuna ematen dutenak, besteak beste, segurtasuna irabazteko. 

Hemendik aurrera, zer?

Auskalo. Belarriak euskara aditzeko prest ditut beti, baina ez da erraza euskaraz bizi-bizi aritzea. Xume bada ere, euskararekin harremanetan jarraituko dut beti.