Horman Poster kolektiboaren 'La leçon' antzezlana, igandean Gaztetxean

Uztarria.eus 2018ko aza. 30a, 11:41

Antzezlana Madrilen emango dute datozen asteetan, eta han eskaini aurretik, Gaztetxean eman nahi izan dute sortzaileek. Sarrera bost euro ordaindu beharko da. Antzerkia gaztelaniaz da, eta jatorri kultural ezberdinetako pertsonen historia postkoloniala du oinarri. 

Horman Poster kolektiboak zuzendutako La leçon antzezlana izango da ikusgai igandean, abenduak 2, Azpeitiko Gaztetxean. Horman Poster konpainia Igor de Quadraren eta Matxalen de Pedroren elkarlanaren fruitua da; proiektu eszenikoak bultzatzeko plataforma kolektiboa, hain zuzen. Urteak dira elkarrekin lanean hasi zirela, eta hainbat obra gorpuztu eta antzeztu dituzte orduztik. Horman Posterreko kideen hitzetan, La leçon "historia ezberdinen topagunea eta elkar imitatzen diren gorputzen elkargunea" da. 

La Leçon, bi antzezleen biografia eszenikoetatik abiatzen da. Horietako bat da Mbaye Sene, senegaldarra eta griot etniakidea. Txikia zenetik jaso du dantza eta musika herrikoien gaineko ezagutza. Bigarren antzezlea Igor de Quadra da. Londresen bizi izan zen urte luzez, Ettiene Decroux-ren Gorputz Mimoa Mime Corporel ikasi eta praktikatzen zuen bitartean. Bi performerren biografiak, pertsonala zein artistikoa, jasotzen ditu obrak. Menpekotasunaz, mimesiaz, akulturazioaz, ikaskuntzaz, errebeldiaz eta kolonialismoaz hitz egiten du, besteak beste, Horman Poster konpainiaren lanak. 

Igandean ikusgai izango den antzezlana Madrilen emango dute datozen asteetan, eta han eskaini aurretik, Gaztetxean eman nahi izan dute haren sortzaileek. Sarrera bost euro ordaindu beharko da. Antzerkia gaztelaniaz da, eta jatorri kultural ezberdinetako pertsonen historia postkoloniala du oinarri. 

Hona hemen aurrerapen bat:  

la_leçon_clip from HORMAN POSTER on Vimeo.