Kristau Eskoletako greba deialdiak %55eko erantzuna izan du Iraurgi Ikastetxean

Uztarria.eus 2018ko aza. 28a, 12:57
Iraurgik Jose Artetxe kalean duen eraikina.

Sindikatuek atzotik ostiralera bitartearako grebara deituta ditu Kristau Eskoletako eta IZEAko langileak, lan itun berri bat eskatzeko. Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean gaur ari dira greba egiten; izan ere, ikastetxe horretako langileen gehiengoak erabaki zuen greba egun bakarra egitea.

Lan itun berri bat eskatzeko mobilizazioak egiten ari dira egunotan Kristau Eskolak eta IZEA, horietan ordezkaritza duten bost sindikatuek –ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT– deituta. Atzotik ostiralera bitarterako grebara deituta daude itunpeko ikastetxe horietako langileak, eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean ere ari da eragina izaten greba deialdia. Izan ere, gaur, asteazkena, grebaren erantzuna %55 ingurukoa izan da ikastetxe horretan –74 lagunek egiten dute lan Iraurgin gaur egun–.

Sindikatuek bost eguneko greba deitu bazuten ere, Iraurgin egun batekoa egitea onartu zuten. Joan zen astean egin zuten greba deialdiaz erabakiak hartzeko batzarra langileek, eta han erabaki zuten greba gaur, asteazkena, soilik egitea. Hala eta guztiz, dozena erdi inguru langilek ostiralera arte greba egingo dutela jakinarazi du Iraurgiko langileen batzordeak.

Lan ituna berritzea da sindikatuen eskaera nagusia, hamar urte direlako ituna azken aldiz berritu zutela. Sindikatuek negoziatzeko "borondate falta" leporatzen diete patronalei; patronalak, berriz, sarea "arriskuan" dela adierazi du. Sindikatuek iragarri dute aldaketarik ezean mobilizazio gehiagotara deituko dutela.

Guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 9.000 langile daude grebara deituta, eta 120.000 ikasle dituzte 215 ikastetxeetan. Sindikatuen arabera, greba deialdiak %65eko erantzuna izan du Kristau Eskoletan eta IZEAn; Patronalaren arabera, hirutik langile batek egin du bat greba deialdiarekin.