Laboaren iragana eta oraina plazara

Uztarria.eus 2018ko aza. 28a, 11:17

Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste izenburupean solasaldia eskaini zuen atzo Ana Gandarak, Betharrametako erakusketa aretoan. Dozenaka lagun izan ziren bertan, eta Laboak tradizioa eta berrikuntza nola uztartu zituen ezagutu ahal izan zuten. Besteak beste, herri kantak nola berreskuratu zituen, iraganera begira zer lan egin zuen, kantagintzaren bidez aurrera begira jartzea nola lortu zuen eta gauza berriak nola egin zituen azaldu zuen Gandarak.

Gaur arratsaldean (19:00) beste hitzaldi bat izango da: Non dago Mikel Laboa? izenburupean, hitzaldia eskainiko du Josune Albisuk. Hitzaldiaren aurretik, Laboa gertutik erakusketa ezagutzeko bisita gidatua egingo dute Betharrametan. Ondoren, bertan izango da hitzaldia.

Ostiralerako bi egitasmo prestatu dituzte. Arratsaldean Zumetaren estudiora bisita egingo dute, Azpeititik 15:30ean irtenda. Zumetaren estudioko txangora joan nahi dutenek azpeitikokulturmahaia@gmail.com helbidera mezua idatzita edo 635-73 87 60 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena bihar bitartean. Bestetik, afalostean, Ibon RGren Laboaren belarria solasaldia eta entzunaldia izango da Gaztetxean, 21:30etik aurrera.

Laboa hamaika ahotsetara kontzertuarekin bukatuko da Laboaldia. Zapatuan izango da herriko musikari eta abeslari hainbatek eskainiko duten emanaldia, 22:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Sarrera bost euro ordaindu beharko da (Kultur Bonoa erabili ahal izango da).