Mus txapelketa azkarrarekin hasiko dituzte saneloiak gaur Landetan

Uztarria.eus 2018ko aza. 28a, 11:10
Iazko festetako irudia.

Gaur, 21:30ean, ekingo diete auzoko festei, txapelketarekin. 20:30etik aurrera eman ahal izango da lehiarako izena. Datozen egunetan ere izango da zer egin; izan ere, igandera bitartean jan-edana eta kirol saioak izango dira nagusi Landetako txokoetan.

Gaur, asteazkena, hasiko dira San Eloi jaiak Landeta auzoan, eta beste urte batez mus txapelketa azkarrak emango die hasiera festei. Ohi bezala, Mendizabal erretegian izango da lehia, 21:30ean hasita, eta parte hartzaileek 20:30etik aurrera eman ahal izango dute izena. Bikoteek 20 euro ordainduko dute jokatzeko, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, mugatua izango da txapelketa. Lau erregetara jokatuko dituzte partidak, eta irabazleek 300 euro eta txapela jasoko dituzte. Ondorengo hiru postuetan geratzen diren bikoteek, berriz, honako sari hauek eskuratuko dituzte: 200 euro eta babarrun kilo bat; arkume bat eta babarrun kiloa; eta bi lagunentzako afaria. Ostiralean, berriz, txerri boda egingo dute 21:00etan Landeta sagardotegian, eta hara joateko aurrez izena eman behar da jatetxean bertan.

San Eloi Eguna larunbata egokitu da aurten, eta herritarrek BTT ibilaldiarekin ekingo diote egunari. 09:30ean Erreka Bike dendatik abiatuta, inguruko txokoetan ibiliko dira txirrindulariak, eta eguerdian, indarrak hartzeko bazkaria egingo dute auzotar guztiek. Bordatxo jatetxean elkartuko dira bazkatzeko, eta bertsolariek zein trikitilariek girotuko dute otordua. Ondoren, poteoa egingo dute auzoan barrena.

Igandean, abenduaren 2an, bukatuko dira saneloiak. Zelailuze ganadutegiaren eskutik, 12:30ean zezen txikiak eta poniak izango dira gaztetxoentzat, eta 13:00etan, herri kirol erakustaldia hasiko da. Ekitaldian, gainera, Eneko Otaño eta Julen Alberdik desafioa jokatuko dute, eta, festei amaiera emateko Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal harri-jasotzaileek eskainiko dute kirol saioa.