Bilduma gizentzen

Uztarria.eus 2018ko aza. 27a, 16:33

2003an hasi zen argazkiak ateratzen Olatz Altuna eta harrezkero ez da gelditu. Askotariko milaka irudi ditu gordeta bere Flickr kontuan. 2018ko azaroko Uztarria aldizkarian haren irudiekin eta Mailo Oiarzabal kazetariaren testuekin osatuta dator Klik! argazki-erreportajearen atala.

Hasierakoa

"Aro digitaleko argazkilaria" dela dio Olatz Altunak (Urrestilla, 1973). Egin zuen aurreneko bidaia luzerako erosi zuen lehen argazki kamera, digitala eta konpaktoa, "txikietakoa". Duela hamabost urte izan zen hori eta Norvegiara egin zuen bidaia. Jostedalsbreen glaziarrean ateratako argazki hau izan zen bere bildumako lehendabizikoetakoa.

 

Mendizalea ez, baina...

Hasierako kamerarekin piztu zitzaion zaletasuna lantzen eta areagotzen joan da urteekin Altuna. 2005ean ireki zuen kontua Interneteko Flickr argazkilaritza gunean, eta gaur egun 28.000 irudi ditu han bildumatuta. Denetariko argazkiak ditu, paisaia asko tartean, eta horietako ez gutxi mendi inguruetan ateratakoak. Txango berean egin zituen goiko biak 2011n, Suitzako Alpeetan: "sasoiko bi edadetu erosketak eginda etxera bueltan", eta Cervino edo Matterhorn mendia Riffelsee lakuaren ertzetik. Ez dela mendizalea dio, "besterik eman arren".

 

Festak

Oporraldiak eta bidaiak ez ezik, gertuko argazki asko egiten eta gordetzen ditu Altunak, Urrestillako sanjuanetako hau bezalakoak. "Argazkiak ateratzea gustatzen" zaiola dio, baina bere burua ez du argazkilaritzat. Kamera reflexa, konpaktoa eta telefono mugikorra erabiltzen ditu, "unearen eta beharraren arabera". Flickr-en ez ezik, Instagramen ere ari da osatzen bilduma.

 

Zumaia

Zumaian egiten du lan urrestildarrak eta kostaldeko herriko txoko asko agertzen dira bere bilduman. Berrienetakoa da ortzadarrari atera zion argazki ikusgarri hau.

 

Arkitektura, janariak...

Goian, Rotterdameko (Holanda) Rasmusbrug zubia. Behean, noodle zopa, Shanghain (Txina). Eraikinak eta jakiak ere sarri ateratzen ditu.

 

Realarekin, etxean eta Europan

Realzalea da Altuna, eta zaletasun horren lekukotzak ere ez dira falta bere irudi bilduma mardulean. Anoetan ez ezik, Donostiako futbol taldeak Europan jokatu dituen hainbat partidatan izana da, eta etxean zein atzerrian, ez du argazkiak ateratzeko aukerarik galdu. Goikoa Manchesterren atera zuen: Shambles Square zaletu txuri-urdinez gainezka ageri da, Realak Uniteden kontra Txapeldunen Ligan jokatu zuen partidaren atarian.