Iñaki Etxenagusiak irabazi du Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. Argazki Rallya

Uztarria.eus 2018ko aza. 26a, 17:42

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. Argazki Rallya egin zuten hilaren hasieran, eta 40 argazkilarik Izarraizko hainbat txoko hartu zituzten iruditan egun horretan. Epaimahaiak orduko argazki bilduma guztiak ebaluatu ondoren, elkarteek saridunen berri eman zuten joan zen larunbatean egin zuten ekitaldian: aurten, Iñaki Etxenagusiak jaso du sari nagusia. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, Maider Odriozola eta Carlos de Cos argazkilariek jaso dituzte. Hiru saridunek 180 euro eta garaikurra, 150 euro eta garaikurra eta 120 euro eta garaikurra eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Odriozolak, gainera, argazki onenaren saria ere irabazi du, eta beste 60 euro eta garaikur bat eman dizkiote horregatik.

Antolatzaileek joan zen zapatuan egin zuten argazki rallyaren sari banaketa ekitaldia, mendi bazkunaren egoitzan. Ohi bezala, lehenedabizi rallyan parte hartu duten guztien argazki bildumak ikusi ahal izan zituzten bertaratu zirenek, eta ondoren ekin zioten sariak banatzeari. Lehen hiru sariez gain, beste hainbat ere banatu zituzten, hala nola herriko lehen sailkatuarena: Igor Froilanek jaso zuen sari hori, eta 90 euro eta garaikurra eskuratu zituen hark. Era berean, 16 urtetik beherako gaztetxoek jaso zituzten sariak. Honako hau izan da maila horretako sailkapena: Libe Korta, Jon Zabaleta eta Onditz Beitia.

Azaroaren 4ean, Izarraizko Atetik hasi eta Madalenako baselizara bitartean aritu ziren argazkilariak Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. Argazki Rallyan, eta antolatzaileek hala erabakita, honako gai hauek jorratu behar izan zituzten parte hartzaileek: Izarraizko atea parkea, garoa, harrizko hesiak, baserrietako gurutzedun ateak eta baserriko abereak. Hain zuzen ere, saridunek sortutako argazki bildumak lotura honetan ikus daitezke.