Alta txostenak Osakidetzan euskaraz orain

Eider Mendinueta 2018ko aza. 27a, 11:00

Euskaraldia dela eta, Osakidetzan lan egiten duten hainbat mediku egoiliarrek pauso bat eman dute euskararen alde. Hain zuzen ere, orain arte gaztelaniaz egin diren txosten klinikoak euskaraz idatziko dituzte 11 egunez, larritasun maila baxukoak diren kasuetan. Eta ahal dela, aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dute osasun langileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait ospitaletan. Osakidetzak gaztelania hutsean funtzionatzen duela salatu du mediku taldeak. Egoiliar horiek idatzi bat prestatu dute, eta horien artean da Eider Mendinueta azpeitiarra. Honako hau da idatzia.

"Osakidetzan lan egiten dugun mediku egoiliar ugarik, euskaraz bizitzeko aukera egikaritzeko bidean, aurrerapauso bat emateko hautua egin dugu.

Orokorrean, Osakidetzak espainol hutsean funtzionatzen du, eta euskara txoko txiki batzuetara mugatua dagoela ikusten dugu bai paziente, bai ikasle eta baita langileok ere. Muga hori, gainera, ahozkotasunera mugatzen da, praktikara eta erregistroetara iristen ez den espazioetara, salbuespenak salbuespen.

Euskarak Osakidetzaren erdigune izan behar lukeela uste dugu, bai egiten ditugun txosten eta idazkietan, baita kontratazio irizpide, formakuntza eta abarretan ere. Euskara ezin da ekimen folkloriko hutsetara mugatu.

Euskaraldiak dakarren uholdeak probestuta, gaixoei bideratutako txosten klinikoak euskaraz idazten hasiko gara zenbait ospitaletan. Osakidetzak horretarako baimena eman digu zenbait zentrotan, baina baldintza zehatz batzuekin.

Langileok aurrera gindoazela ikusita, eta benetan euskal gizartearen beharrak interpretatuta, baimena eman digute prioritate edo larritasun maila baxuko kasuetan euskaraz idazteko.

Esker onez hartu dugu txostenak egiteko baimena eman izana, baina azpimarratu nahi dugu ez dizkigutela txosten horiek euskaraz idatzi ahal izateko baliabideak eskaini, eta espainolez ditugun aurreidatziak euskaratzeko lana gure gain hartu behar izan dugula, baita hainbat zentrotako lankideekin elkarlanean ekimena zabaltzeko ardura ere.

Oztopoak oztopo, aurrera doa ekimena, eta haien baimenarekin baina laguntza gutxirekin, langileok hartua dugu pazienteek behar duten kalitatezko arreta emateko pausoa.

Hortaz, pazientegai orori, langile orori, eta euskal herritar orori gonbita luzatzen diogu osasun administrazioei bere arreta euskaraz eskaintzeko eta komunikazio kliniko idatzia ere euskaraz emateko, elebideri eta norbere osasungintzako arduradunari (Osakidetza zein Osasunbideari) iradokizun, eskaera, edo kexa bideratuta.

Langileok gure aletxoa jartzen hasiak gara, bada garaia euskaldunok gure osasunaren jabe bihurtzeko.

Aldi berean, euskaldun orori bere eskaera egikaritzeko aurrerapausoak emateko erronka luzatzen diogu, ahozko ohiturez gain espazio ofizialak ere geureganatzeko.

Euskaldunok ez gara bizitzeko baimena eskatzera etorri, eta euskaldunon herria eraikitzeko asmoarekin gaudela ikustekotan gaude".