Ekain Ibarguren: "Nire betaurrekoak kolore guztietakoak dira"

Uztarria.eus 2018ko aza. 26a, 16:05

Pailazo azpeitiarrari egokitu zaio 2018ko azaroko aldizkarian Azpeitiko Udaleko Arremanitz Sexu eta Bikote aholkularitza zerbitzuko Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek Erotikan Plax! atalerako egindako galderei erantzutea.

Nola definituko zenuke zure burua?

Hasieran, antipatikoa eta lotsatia.

Zer izan nahi zenuen handitan?

Pailazoa.

Zeintzuk dira 'sexualitate' hitza entzutean burura datozkizun hitzak?

Gorputzarekiko kuriositatea eta jolasa.

Zerk jartzen du gustura Ekain Txou?

Publikoarekin ondo pasatzeak.

Eta Ekain?

Niretzat une bat izateak.

Garrantzia al du umoreak maindireen artean?

Bai, garrantzia du, baina lotsak ezkutatzeko txisteak kontatzen hasten zarenera arte.

Nola erakartzen dituzu haurrak?

Askotan, hitzik egin gabe.

Umeen goxamenetik zer dugu ikasteko?

Naturaltasuna.

Magia erabili al duzu inoiz ligatzeko? Zein magia trikimailu da arrakastatsuena?

Bai, erabili izan dut. Arrakasta gehien txanpona belarritik ateratzeko trukoak izaten du.

Sexu kontuetan, noiz erabiltzen dituzu malabareak?

Pertsona batekin egon nahi duzunean edota ez duzunean nahi harekin egon.

Arrakasta handia lortu duzu. Zerk lagundu dezake sexualitatea arrakastatsua izan dadin?

Norbere burua ondo ezagutzeak, zaintzeak eta maitatzeak.

Nor imitatzea atsegin duzu?

Dibertitzen nauen jendea. Inguruko pertsonak, gero eta gehiago.

Zure betaurrekoak moreak al dira?

Nire betaurrekoak kolore guztietakoak dira.

Nori jarriko zenioke sudur gorria?

Norbere buruaz barre egiten dakien edonori.

Aurpegia koloreztatzea gustatzen zaizu. Zerekin margotuko zenuke erotika?

Desioarekin, laguntasunarekin eta konfiantzarekin.

Ikuskizun bat?

Kabareta.

Gainditu beharreko beldur bat?

Egunen batean umorea agortzeko beldur naiz.

Kolore bat?

Gorria.

Gustuko duzun txoko bat?

Gauden herrian gaudela, zirkoaren atzeko aldea.