Plaza bete oinetako, indarkeria matxistaz hildako emakumeen oroimenez

Uztarria.eus 2018ko aza. 25a, 20:12

Alde Zaharretik igaro direnek herriko plaza oinetakoz josita topatuko zuten igande arratsaldez. Izan ere, gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna da, eta horren harira, indarkeria matxista salatzeko eta indarkeriaz hil dituzten emakumeak oroitzeko ekitaldia egin du Basanderiek asanblada feministak. Erlojuak 18:00ak jo dituenean hasi da ekitaldia, eta ordurako jende ugari elkartu da plazan. Indarkeria matxistaren biktimak irudikatzeko erabili dituzte plazan pilatutako era guztietako  zapata pareak. Elkartutako oinetako guztien artetik zortzi zapata pare nabarmendu dituzte, zortzi baitira urtea hasi zenetik Euskal Herrian indarkeriaz hil dituzten emakumeak. Olerkiaz, musika nahiz txalaparta doinuz eta capoeira erritmoen laguntzaz, krabelin gorri bana jarri diete zortzi oinetako pare horiei. Zapata pare bakoitzak indarkeriaz hildako emakume baten izena zeraman. Baina gainerako oinetakoek ere bazuten mezu bat; indarkeria edo tratu txarrak jasan dituzten emakumeen testigantzak, hain zuzen. Basanderiek asanblada feministako kideek herriko emakumeen testigantzak jasotzeko saiakera egin dute azken asteetan, eta jasotako testigantza horietako batzuk nahiz beste indarkeria kasu batzuekin lotura dutenak jarri dituzte plazan.

Hona hemen Basanderiek asanbladako kideek emakumeenganako indarkeria salatzeko ekitaldian irakurri duten olerkia, osorik: 

Gizartea, bizitza multzoen istorioek osatzen dute.
Orekarik gabeko istorioak dira batzuk,
Erasoz betetakoak, maitatsun gabeak, ignorantziaren iturriak.

Gaurko gizartean nabarmen islatzen dira orekarik gabeko bizitzak
Baita atzokoan ere...
Eta biharkoan?

Bizitza bakarrak omen da,
zeurea omen da
Neurea,
Geurea.
Hala era, zalantza edo amorru moduko zerbait badut barruan batzuetan,
dirudi...
besteen menpe direla pertsona batzuk.
Ala , horrela ote diren
Ala, sentitzen al diren.

7 izen ditut buruan,
7 istorio, 7 bizi.
Urratu eta hautsi diren 7 bizi.
Akabatutako 7 bizi.

Nafarroatik, Pilar Ovejas eta Yolanda J.G
Ezin ahaztu, N.B.
Araba aldetik, Maria Jose Bejerano.
Bertatik ere, Florentina Jimenez
Eta Sofia Losche.
Bizkaiatik, Maguette Mbeugou.

72, 43, 69, 28, 37, 25, 50
Numero axolagabeak diruditen arren,
Etapa edota beraien bizitzako une jakin eta goxo bat hil dute, sustraitik moztu.
Akaso, ez ote du zuhaitz bakoitzak bere sustraiei helduz bizitzeko eskubiderik?

Urraketak eta erasoz betetako lainoak ditugu gainean,
Nazkatuak gaude, aterkia ireki eta aterpean ezkutatzen,
Jada, aterkiak ez dira gure ihes-bideak.

Eskuak altzatu ditugu, ez zaigu axola bustitzea.
Elkarren aterpea gara eta izango gara,
Etorkizuneko lainoak jan ditugu.
Ez dugu onartzen, ezta eraso txikiena ere.

Izan ere, zuhaitz orok du bere bizitza
Eta berea den hori defendatzeko eskubidea,
Borrokatuz, Besarkatuz, maitatuz, salatuz.

Egin zeurea, zeurea den bizitza,
Neurea baita neurea,
Nire egunerokotasuna,
Nire goiza,
Nire gaua,
Nire bizitza.

Aterperik ez dugu behar,
ez eta aterkirik ere
Eskuak altxatu ditugu, busti gara.
Indarra dugu eta gaurkoan,
Ez gara beldur,
Geure bizitzari oreka hautsiko dion horri iñor ez baita izango,
Ez hemen gauden bitartean.