Mikel Laboaren unibertso poetikoa oroitzeko horma irudia utzi du Laboaldiak

Uztarria.eus 2018ko aza. 24a, 17:31

Mikel Laboaren omenezko murala marraztu dute gaur, azaroak 24, Goikokaleko horma batean. Laboaldiaren barruan egin dute horma irudia, eta Olatz Alkorta artista azpeitiarrak eta Kultur Mahaiko kideak aritu dira margoketa lanetan, inguruko denen begiradapean. Orain, leku horretatik igarotzen diren herritarrek aldiro ikusiko dute Laboa oroitzeko sortutako horma irudia. Izan ere, abeslari eta poetaren lana eta izana –unibertso poetikoa– herriratzea da Laboaldiaren xedeetako bat. Abenduaren 1ean beteko dira hamar urte Mikel Laboa hil zela, eta urteurren hori aprobetxatu nahi izan dute antolatzaileek Laboaren irudia gogora ekartzeko. Laboa omentzeaz gain, hura ezagutzen ez duten gazteei haren irudia gerturatzea ere bada antolatzaileen nahia.

Hona hemen datozen egunetarako egitaraua:

  • Azaroaren 27a, asteartea. Hitzaldia: Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste. Ana Gandararen eskutik, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
  • Azaroaren 28a, asteazkena. Bisita gidatua eta hitzaldia: Non dago Mikel Laboa? Josune Albisurekin. 19:00etan, Betharrameko Udal Erakusketa Aretoan.
  • Azaroaren 30a, ostirala. Zumetarenera txangoa, arratsaldez. Solasaldia eta entzunaldia: Laboaren belarria, Ibon RGrekin. 21:30ean, Gaztetxean.
  • Abenduaren 1a, zapatua. Kontzertua: Laboa hamaika ahotsetara, herriko musikarien eskutik. 22:30ean, Sanagustin kulturgunean.